Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Buruko mina

Baionak aurre egiten dio Marechal Le Pen diputatuari. Pentsatu baldin bazuen ez zuela arazorik izanen Aillet apezpiku integristarekin elkartzeko, zabaltzen dituzten ideia atzerakoien trukatzeko, huts egin du. Ez dute gelarik aurkitu ekitaldia antolatzeko. Fronte Nazionala ez da talde politiko arruntzat hartzen. Alta indarrak egiten dituzte eskuin muturretik kalera ateratzeko. Frogatzat dugu larunbatean antolatu zuten abortuaren kontrako manifestazioa. Ez da lehen aldia plazara ateratzen direna, presio egiten dute, eta eskubideak ez badira babesten betirako irabaziak direla uste baita, malda oso lerrakorrak dira. Erlijioek gero eta toki handiagoa hartzen dutelarik. Hots, Marion Marechalek ez badu gelarik aurkitzen, behintzat aipatua izan da, denek dakigu nor den. Azken batean, hau da alderdi eta pertsonalitate politikoek bilatzen dutena, beraien inguruko aipamenak, goiz edo berant fruituak ekartzen baitizkie. Komunikazioa!

Fillon, aldiz, hor zen, ongietorria egin diote kazo andanarekin. Nahiz eta egunero aurkitzen dioten iruzur zerbait, ez du determinazioa galtzen, aurrera doa bigarren itzulian egoteko esperantzarekin.

Kanpaina aurrera doala arrunta ez den gertakaria Barne ministroaren aldaketa izan da. Izan ere, Leroux jauna diru publikoarekin oker ibili dela agertu da, bere bi alabak, bat hamabost urtetik, kontratu pean hartu zituela parlamentari laguntzaile gisa. Argi da denentzat frantses parlamentariek jasotzen duten diru publikoa ez dela parlamenturako lan egiteko. Parlamentari laguntzaileak parlamentariak berak ditu kudeatzen. Horrek erakusten du hautetsien inguruan laino opakoa dela, diru zama handiak hedatzen direla inongo kontrolik gabe. Hori bukatzeko garaia izan behar litzateke. Behintzat Barne ministroak kargua utzi du. Armagabetzearen ardura izango zuen. Beste batek eginen du eta dirudienez ez dio Hollanderen gobernuari buruko minik sortzen. Funtsean beste askori ere ez, Euskal Herriari diogun maitasuna, askatasunaren lortzeko bihotzean, ariman, gogoan daukagun sua, beste bideetatik doaz.