Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Ines Papertek, nagusitasunez, Jorassesetan jardun du

Luka Lindicekin «No siesta» eta «Bonatti-Vaucher» bideen lotura bat eskalatu du neguan. Baldintza oso zailetan eskalatu zuten, eta bi bibak egin zituzten.

Ez da batere ohikoa emakumezko alpinista bat Grandes Jorassesetako ipar aurpegian dauden bide gogorretan eskalatzen ikustea. Muga hori puskatzeko prest azaldu dena Ines Papert izan da. Alemana, Luka Lindic-ekin batera, amaitu berri dugun negu honetan gai izan da “No siesta” eta “Bonatti-Vaucher” bideen lotura bat igotzeko.

Bai, jakin badakigu Papert, nesken artean, egungo espezialista sasoikoenetarikoa dela. Baina, hala ere, uste dugu alemanak eginikoa azpimarratzekoa dela; besteak beste, Grandes Jorassesetan lehen bisita izan du. Hori gutxi ez-eta, sokada horrek paretak zituen baldintza zailei egin behar izan die aurre: «Ez da batere erraza izan; are gehiago esango nuke muturrekoa izan dela. Bi bide horien konbinazioa egiteko, bi egun eta erdi behar izan ditugu. 1.100 metroko eskalada izan da, eta zailtasunari dagokionez, gehienez, M7 gainditu dugu. Guk eskalatu dugun garai honetan pareta oso-oso lehor zegoen. Horren ondorioz, luze errazenek ere denbora asko eskatu digute. Eskalada jardun honetan izan ditugun haize indartsuek eta laino itxiak Eskoziako eskaladara eraman gaituzte; izaera horretako eskarmentua bizi izan dugu. Gauzak zer diren, klima beroarengatik ez ginen Eskoziara joan, eta Grandes Jorassesetan muturreko baldintzak izan ditugu. Gainera, eskalada egun horietan pareta erraldoi zein enblematiko horretan bakarrik ginen. Bai, negua zen, baina gu bakarrik eskalatzen ari ginen».

Bi bibak

Papertek berak aurreratu duenez, Alpeetako hormatzar horretan lehen aldia zuen. Ez, ordea, Lindicek. Esloveniarrak, adibidez, duela pare bat urte sei egun eman zituen “Rolling Stones” bidearen (M8, 6a, 1.100 m) era askeko lehen igoera egiteko.

Azken denboraldi honetan, Lindic eta Papert asko eskalatzen ari dira elkarrekin. Sokada oso eraginkorra bihurtu da. Honakoa gogora ekartzea besterik ez, iaz Kyzil Asker mendian (5.842 m) zabaldutako “Lost in China” marra (ED, WI5+, M6, 1.200 m) edo iaz urte amaieran egindako Piz Badileko “Nordest Supercombo” bidearen (M7, R, 800 m) lehen errepikapena.

Protagonistok Eskoziako “berotik” ihes egin, eta Grandes Jorassesetara abiatu ziren. Pareta alpino horrek baldintza zailak aurkeztu zizkien; izan ere, oso-oso lehor zegoen. Alabaina, horma horretan muturra sartzeko prest agertu ziren: «Paretaren baldintza horiek ikusita, azkenean ‘No siesta’ eta ‘Bonatti-Vaucher’ marren konbinazioa egin genuen. Horretarako bi bibak gogor (-15°) jasan behar izan genituen. Lukak esan dit egin dituen eskaladen artean azken hau hotzenetarikoa izan dela, eta egin dudanarekin harro sentitu behar naizela».

Haizete indartsuak, laino itxia, hotza, arroka ia garbi, izotz gutxi eta oso fina... Hots, benetako baldintza zailak pairatu zituzten. Hala ere, M7 zailtasunak gainditu zituzten: «Gradu horretako tarteak oso gogorrak izan ziren. Inolako zalantzarik gabe, ez da batere erraza izan. Baldintza zein haizete gogor horiek kontuan hartuta, biok ala biok uste dugu egin dugun errepikapen honek merezi izan duela».

Papertek adierazi duenez, eskalada “No siesta”-tik hasi zuten. 1986. urtean zabaldutako bide honi 2003. urtearen neguaren azken egunetan Robert Jasper eta Markus Stofer-ek puntu gorria jarri zioten. Baina protagonistok, aipatutako baldintza horiek ikusita, planak aldatu eta, “No siesta”-tik jarraitu beharrean, 1964. urteko “Bonatti-Vaucher”-era pasatu ziren. Gailurretik gertu zirela, berriro “No siesta”-n sartu ziren. Konbinazio ederra baldintza zailetan.