Idoia ERASO
AZKAINE

Iparra Hegoa-k mugaz gaindiko Euskal Herria aldarrikatuko du 22. edizioan

Atzotik apirilaren 2ra arte iraganen da aurten 22. Iparra Hegoa astea Seguran. Mugak sortzen dituen ezberdintasunen eta horren gainetik Euskal Herria batzen duten ezaugarrien gainekoa izanen da aurtengo programa, eta hausnarketarako parada emanen du.

Gogoetarako eta praktikarako ekimenekin abiatu da Iparra Hegoa. Diagnosia egitea xede duten hiru mintzaldirekin abiatu da hausnarketa. Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean dagoen dualtasuna abiapuntu hartuta, «trabak abantaila» bilakatu daitezken itxaropenari helduta ari direla azaldu zuen Lierni Elorza antolatzaileak.

Hari horretatik tiraka, atzo bi aldeak bereizten dituenaz mintzatu zen Eneko Bidegain, Maddi Ane Txoperenaren laguntzarekin, eta gaur, ostera, batzen gaituenari buruzko testigantzak emango dituzte Xamar, Erik Etxart eta Andde Saint Mariek. Bihar, gastronomia arloan dauden aldeen inguruko esperientziak partekatuko dituzte Donibane Lohizuneko Olatua ostatuko Ramuntxo Berriak eta Ormaiztegiko Kukoko Iker Markinezek.

Bertan hausnartutakoa entzungo dute lehen bi egunetan Garaziko ikastolako eta Segurako eskolako haurrek, elkarrekin parte hartuko baitute hainbat ekimenetan. Hurrengo egunetan ere, denei irekiak diren hitzordu anitz antolatuak izan dira, bertso saioa, arkume errea Segurako plazan, mendi irteera eta gazteen topaketa, kasu.

Igandean egun osoko egitaraua izanen da, baita ekitaldi instituzionala ere, zeinean Goierriko eta Ipar Euskal Herriko hautetsiak udaletxean elkartuko diren.