Asier AIESTARAN
PILOTA

Promozioko finalak kolore gorria du, gorriegia agian

Aurrekariek Arteaga-Erasunen alde egiten dute nabarmen, baina Peña-Salaverrik ezustea eman nahi dute.

Axier Arteaga eta Jon Erasun faborito argi bilakatu dira larunbatean Tolosako Beotibar pilotalekuan Jon Ander Peña eta Ruben Salaverriren aurka jokatuko duten Promozio Txapelketaren finalerako. Orain arte bi bikoteen artean jokatutako neurketak erraz irabazi dituzte: aurreneko ligaxkan 22-5 –Salaverriren ordez Apraizek jokatu zuen– eta finalerdietan 22-10. Eta horrez gain, Salaverri errioxarra eskuetako arazoekin ibili da azken asteotan.

Hala ere, finalak beti final izaten dira eta ez da komeni izaten pronostikoetan gehiegi arriskatzerik. Gutxienez, Salaverrik azken bi aste hauetan «entrenamendu gogorrak» egin dituela esan zuen atzoko material aukeraketan, eta «nahiko ongi» aurkitzen dela fisikoki. Eta atzelariak laguntzen badio, Peña tolosarrak ere berea emango du aurrean: finalerdietako azken jardunaldian, esaterako, 22-10 irabazi zuen Ibai Zabalarekin Gorka eta Martijaren aurka.

Azken bostak irabazita

Argi dagoena da Arteagak eta Erasunek nabarmen egin dutela gora azken asteetan, eta beraiek ere ez zuten ezkutatu. «Nik uste momentu onenean gaudela. Txapelketa guztian pixkanaka-pixkanaka goraka egin dugu eta oraintxe bertan biok puntu onean gaude», esan zuen aurrelariak lehenik. «Txapelketa hasi zenean nahiko baxu nengoen, eta gero behetik gora egin dut. Ondo iristen naiz», gaineratu zuen atzelariak gero.

Zenbakiek ez dute engainatzen, Txapelketan jokatutako azken bost partidak irabazi egin dituzte, finalerdietako hirurak barne. Baina beste kontu bat da horrek finalean zerikusirik izango duen ala ez. «Faboritoak agian gu gara, ligaxka amaiera ona egin genuelako, baina gero hemen erakutsi behar da; larunbatean hona etorrita faborito izateak ez du ezertarako balio», bota zuen Jon Erasunek, Juan Manuel aitak berak ere sinatuko lituzkeen adierazpenetan.

Peñak eta Salaverrik, aldiz, ibilbide oso gorabeheratsua izan dute finalera iristeko. Bi partida segidan behin bakarrik irabazi dituzte, eta hiru segidan behin ere ez. Baina finalean dira, eta hor egonda beti dago txapela irabazteko aukera. «Finala aukera bat da guretzat. Agian beraiek baina une txarragoan iristen gara, baina aukerak baditugu eta horri eutsi behar diogu», eskatu zuen Salaverrik.

Materialarekin arazorik gabe, onena ematea besterik ez da geratzen, eta taktikarekin asmatzea. «Gakoa dominatzea izango da», Peñaren ustez, edota «seguru jokatzea», Salaverriren hitzetan. Edozein bide izango da baliagarri txapelak jantziz gero.