Jon ORMAZABAL
Entrevista
MIKEL LARUNBE
ASEGARCEKO ATZELARIA

«Oinatzek emandako aholkuekin liburu bat idatz nezake»

Andoni Aretxabaleta lagunak emandako aholkuari jarraituz, finalaren aurreko egun hauek gozatzen saiatzen ari da Galdakaoko atzelaria, partidan bertan sufritzea tokatuko zaiola ondo daki eta. Markinarraren kasuan bezala, lehen mailako bere lehen esperientzian, arrapaladan etorri zaio dena galdakarrari eta hark Aimar Olaizola bidelagun ezin hobea topatu bazuen, Larunbek Oinatz goraipatu du.

Galdakaon nabari da Larunbek piztutako ilusioa eta elkarrizketa hau egin bitartean, asko dira zorte ona opatu diotenak.

Lehenengo finalaren atarian, nola daramazu hau guztia?

Dagoeneko asimilatuta finalean gaudela; ez da erraza izan sinisteko, baina hemendik aurrera finala topera prestatzen eta sekulako ilusioarekin. Inguruko jendearekin momentua gozatzea garrantzitsua izango da.

Dena da berria, txapelketa, finala, komunikabideen eskaerak...

Halaxe da, txapelketan sartzea berria zen eta hau dena ere bai, dena batera etorri zait; gauza gehienak onak, gainera, eta oso esperientzia polita izaten ari da.

Oinatzekin gustura?

Terrible. Oinatzekin oso gustura, egin duen txapelketaz aparte, sekulako maila eman baitu, lagun bezala sekulakoa da; momenturik txarrenetan laguntzen dizu, erakutsi dit nola sufritu eta jakin izan du ni bezalako hasiberri bat nola eraman. Duen izaera horregatik berak duen positibismo guzti hori transmititu dit eta momenturik okerrenetan partidei eusten erakutsi dit.

Denek nabarmentzen dute zeinen baikorra den.

Liburu bat egin ahal dut partidetan esan dizkidan esaldiekin. Bere izaera da, pentsatzen duena esaten du eta aurrera. Izan ditugu partida batzuk tentsio handikoak eta hor egon da bera beti, botilerorik onena bezala animatzen. Lan hori ez da inon agertzen, baina sekulakoa da.

Gogoan horietakoren bat?

Esaterako, jokatutako azken partidan 3-7 edo galtzen gindoazela, alde dezentearekin, esan zidan: «Finalera heldu nahi baduzu, hortzak estutu. Vamos a morir matando».

Egosketa puntu geldokoa zarela esan duzu inoiz.

Eztanda ez dut inoiz egin agian beste pilotari batzuek bezala, baina apurka aurrera joan naiz. Eta hainbat lan egin ostean, emaitzak lortzea seinale da egindako lanak merezi izan duela eta asko balio duela aurrera begiratzeak.

Lehen urte eta erdian eskuetatik asko sufritu nuen, ebakuntza bat izan nuen, eta gero, lesioaren ondoren, nahiz eta fisikoki ondo egon, jokoz-eta konfiantza gutxirekin ibili nintzen, ezin nire maila eman edo ezin disfrutatu, eta kosta zitzaidan. Baina gero aldatu nituen gauza batzuk eta dena hobeto joan zen.

Zer aldatu zenuen?

Gehiago eta desberdin entrenatzea. Espezifikoago, ni bakarrik entrenatzailearekin frontoian. Pablok –Berasaluzek– esan zidan: «Jokatu nahi baduzu, beste modu batean entrenatu behar duzu, ordu gehiago sartu behar dituzu frontoian. Nahiz eta saioak ordu erdikoak izan, egun gehiagotan etorri behar duzu, eta hortik aurrera Josetxorekin –Areitio– sekulako lana egin nuen. Iurretan hiru urtetan, berdin domeketan edo zapatuetan, tope ibili naiz eta berari esker hasi nintzen hobetzen.

Pablo Berasaluze eta Josetxo Areitio, orduan, funtsezkoak dira zure garapenean?

Bai, biak. Josetxok sartu dituen orduak… oporretan, Gabonetan… edozer egiteko esan eta beti baietz, disposizioa erabatekoa eta astero-astero lan eginez heldu ziren Promozioko finalak eta estelar batzuk udan. Lan horren fruitua da, ordu asko sartu ditut berarekin, asko hitz egin dut berarekin.

Gero, txapelketan zehar Pablorekin asko ibili naiz lanean eta enpresaren aldetik laguntza handia izan dut.

Iurretako talde hori berezia zen?

Bai, bizkaitar guztiak elkarrekin entrenatzen, fisikoa eta teknikoa, eta oso giro polita geneukan han. Egunero disfrutatzen genuen, Apraizekin barre ugari egiten genuen, etortzen ez zenean nabaritu egiten zen. Orain Apraiz faltan botatzen dugu, garaiak aldatzen dira eta orain beste dinamika bat dugu.

Talde hura apurtu zen...

Bai, Urrutikoetxeak prestatzaile pertsonal bat dauka; Ibai Zabalak ere bai goizez ikasten ari delako. Orain Ladis Galarza eta Aretxabaletarekin entrenatzen naiz Bilbon, Etor Mendiarekin, eta giroa ez da lehengoko berdina, baina oso harreman ona dugu gure artean.

Galdakaoko Adiskide-n ere gauzak ondo egiten dituztela dudarik ez dago; txapelketa honetan hiru pilotari aritu zarete.

Hala da, Binakakoan Urruti, Danel eta ni aritu gara eta Adiskide bezalako klub batentzat oso pozgarria da; batez ere, Urrutik egin duena ikusita, seinale da gauzak ondo egin direla. Ez da erraza pilotariak ateratzea, baina hemendik urte batzuetara besteren bat irtengo da ziur.

Bultzada bat izan zen umeentzat zuek hor goian egotea, ezta?

Jende asko sartzen ari da. Aurten ume dezente sartu dira eta hori da garrantzitsua, ze Galdakao herri handia da, Bilbotik oso hurbil dago eta halako tokietan futbolak, saskibaloiak eta eskubaloiak indar handiagoa dute, eta aurten beste mugimendu bat ikusten da eta hori ona da.

Zure kasuan ere, aitak behartu omen zintuen probatzera?

Bai, bera pilotaria izan zen. Anaia beti futbolean aritu zen eta berari ez zitzaion gustatzen batzuetan sortzen zen giroa. Ni ere ikastolako futbol taldean nenbilen eta esan zidan probatzeko, probatu eta gustatzen ez bazitzaidan uzteko. Hala hasi nintzen eta beste giro bat topatu nuen, lagun berriak, kirolak ere engantxatu ninduen.

Ni hasi nintzenean, kluba gaur baino handiagoa zen eta giro ona zegoen, monitoreak-eta gazteak ziren, gustura joaten nintzen frontoira eta geratzea erabaki nuen, hori zen-eta gehien gustatzen zitzaidan kirola. Erabakia oso ona izan da, pilotak gauza asko eman dizkit, lagun asko egin ditut eta disfrutatzen ari naiz guzti honetan, ametsa egia bihurtu nuen eta ezin dut gehiago eskatu.

Bihotzeko susto bat ere izan zenuen. Erabat ahaztuta?

Sustoa izan zen, baina profesionaletan gertatu aurretik beste bi aldiz ere izan nituen takikardia horiek. Momentuko gauza izan zen eta pentsatzen nuen gauza bera izango zela eta ez nintzen asko arduratu, baina medikuek hori goitik behera begiratu behar zela esan zuten eta operazio txiki bat izan zen, nerbio bat erre eta hor amaitu zen dena eta orain arte perfekto.

Irujorena ikusita, gaitz erdi.

Bai, nirea ez zen hain larria izan, baina Irujorenak beste itxura bat du eta pena da halako pilotari bat horrela egotea. Baina badaukat esperantza osatuko dela. Pena daukat Irujoren aurka sekula ez jokatu izana.

Pilotaz aparte?

Duela urtebete amaitu nituen Ingeniaritza ikasketak, energia berriztagarriena, Eibarren, eta hilabete batzuetako atsedenaldiaren ostean, irailean master bat hasi nuen irakasle izateko. Urrutiko hezkuntzarako unibertsitatean ari naiz eta ekainean amaituko dut; lasai nabil, baina beste irteera bat izateko.

Hor zabiltzaten gazte askok dituzue goi mailako ikasketak, lehen hori ez zen normalena...

Pilota asko aldatu da. Lehen diru dezente irabazten zen, gaur egun baino askoz gehiago eta horrek gauzak aldatzen ditu. Orain ez da hain erraza pilotan hainbat urte egitea eta bakoitzak bere aukerak landu behar ditu gerorako. Orain kontratuak desberdinak dira, oso gazte debutatzen da eta denbora gutxiago ematen da erakusteko. Garaiak aldatu dira, orain horrela tokatzen da.

Sentitu duzu inoiz presio hori?

Nik ez. Enpresaren aldetik beti tratu ona izan dut; konfiantza izan zuen nigan eta lehen bi urteetan, makal ibili nintzenean beste bi urte eman zizkidaten eta ez dut kexarik.