Arantxa MANTEROLA
BAIONA

«Utzi bakean, alde hemendik» oihuez eragotzi zuten hegaztiak akabatzea

Albaitaritza-zerbitzu ofizialek ezin izan zuten Gabadi, Domintxaine eta Barkoxeko hiru haztegietan sartu, hegazti-gripea dela-eta Estatuak ahate guztiak hiltzeko emandako agintea gauzatzeko. Ehunka laborarik, hautetsik eta kontsumitzailek aurre egin zioten Poliziari.

Hegazti-gripearen hedapena mugatzeko Nekazaritza Ministerioaren aginduak jarraiki, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko albaitaritza- eta osasun-zerbitzuek herenegun berretsitako agindua, hots, finkatutako haztegietan hegazti guztiak hiltzea, betetzeko asmoz agertu ziren atzo goizean goiz Barkoxeko, Gabadiko eta Domintxaineko hiru etxalde «intsumisotan».

Alta, ELB sindikatuak deituta hiruretan bildu ziren dozenaka laborari, kontsumitzaile, baita hautetsi ugarik ere ezarritako giza-hesiak aurkitu zituzten aurrez aurre hegaztiak hiltzera joandakoek, eta, poliziez lagunduta joan arren, ezin izan zuten beren eginkizuna bete.

Tentsio uneak izan ziren guztietan, bereziki Gabadiko haztegian. Han CRSak bidea blokeatzen zuten manifestarien aurka oldartu ziren, gas negar-eragileak eta ura jaurtiz, baina jendeak aurre egin zien. Jean-Louis Prebende Gabadiko auzapeza bera ere bertan zen eta kexu mintzatu zen polizien jarreraz.

Azkenean, poliziek eta Estatuko ordezkariek alde egin behar izan zuten hiru haztegiotatik, hegaztiak hiltzeko asmoa bertan behera utzita. Litekeena da gaur berriro itzultzea. Hirugarren saialdia izango litzateke. Izan ere, ahateak akabatzeko agindua eman zenetik, hazleek, ELBko ordezkariek eta hautetsiek ere neurri hori gauzatu ez dadin hamaika eskaera eta bilera egin dituzte. Beren haztegien ezaugarriek eta ahateei egindako analisien emaitzek hegaztiak ez daudela kutsatuak erakusten dutela kontuan hartuta, muturreko neurri hori zentzugabea dela argudiatzen dute. Horregatik, beste departamenduetako haztegi batzuetan gertatu den moduan, neurria indargabetzeko eskatu zuten.

Prefetaren oharra

Bilera erabakigarria Paueko prefeturan egin da aste honetan bertan, baina laborarien saialdi guztiak alferrikakoak izan ziren eta prefetak eta Nekazaritza Ministerioko Elikadura Zuzendaritza Orokorrak ahateak prebentzioz ezinbestean hil beharra zegoela deliberatu zuten.

Atzoko gertaeren ondotik, Eric Morvan prefetak jakinarazi zuen hegaztien hilketa oztopatu duten hazleen aurka neurri juridikoak hartuko dituela. Epaitegietan salaketa jartzeaz gain, neurri administratiboak ere iragarri zituen.