Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Atzoko eta gaurko «Gernikez» hausnartuko du Kukaik

Indartsu dabil Kukai. Max sarietarako zazpi izendapen jaso dituen aste berean, obra bat aski ez, eta bi estreinatu ditu. Ostiralean, Kataluniako Sismograf jaialdian eman zuen «Topa» dinamikoa; atzo, «Gernika-Guernica» hipnotikoa, Donostiako San Telmo museoan.

Topa egiteko moduan da Kukai dantza konpainia. “Oskara” obragatik zazpi izendapen jasota, Max sarietarako faboritoa bilakatu da konpainia errenteriarra. Hori gutxi ez, eta izendapenen berri izan duen aste berean bi pieza berri estreinatu ditu. Ostiralean, Brodas Bros hip hop talde katalanarekin batera eraiki duen “Topa” pieza «dinamiko eta freskoa» estreinatu zuen Olot-eko (Katalunia) Sismograf jaialdian –Euskal Herrian maiatzean estreinatuko dute, Leioako Umore Azokaren barruan–, eta, atzo, Madrilgo Reina Sofia museoaren laguntzarekin ekoitzitako “Gernika-Guernica” estreinatu zuten Donostiako San Telmo museoan.

Azken proiektu hau «pixkanaka» mamitzen joan dela azaldu du Jon Maya koreografoak. Madrilgo museoak urtero ospatzen duen Dantzaren Nazioarteko Egunerako (apirilak 29) zerbait berezia nahi zuen eta Kukaik, museoan zabaldu berri den “Piedad y terror en Picasso: el camino a Guernica” erakusketan begia jarrita, bonbardaketen 80. urteurrena oroituko zuen pieza eraikitzea proposatu zuen. «Gu euskaldunak izanik, hara eraman beharrekoa Gernikaren gaineko lan edo gogoeta bat zela argi ikusi genuen. Iruditu zitzaigun Euskal Herritik eta gure tradiziotik sortutako konpainia bat izanik, urte honetan eta Reina Sofia bezalako espazio batean gai hori tratatzea interesgarria izango zela», azaldu du.

Hiru dantzarik –Nerea Vesga, Leire Otamendi eta Martxel Rodriguez– interpretatuko dute hogei minutuko iraupena duen obra eta, bertan, 37ko bonbardaketak orainaldira ekartzea izan dute xede. «Gogorarazten ditu Gernikako gertakariak, baita Picassoren margolana ere, baina gaur egunera ekarriz, uste baitugu gaur egun ‘Gernikak’ egunero gertatzen direla. Memoria historikoa landu nahi izan dugu, baina gaur egun gertatzen diren ‘Gernika’ horiek gogora ekarriz», argitu du Mayak.

Piezak badu Kukai berezi egiten duen dantza tradizional eta garaikidearen arteko uztarketa hori. Obrak eskualde bizkaitarreko tradiziozko dantzei egiten die erreferentzia eta, Mayaren hitzetan, mugimenduen tempoa «nahiko sosegatua» den arren sumatu ahalko da bonbardaketaren iragarpen edo hasierako «histeria eta estres hori». Bide horretan, piezak lagun du Xabier Erkiziak egokitutako Mikel Laboaren musika. «Gaur egunean kokatzeko daukagun elementu nagusia audioa da eta, egia esan, lan honetan ez genuen aipatu gabe utzi nahi Laboaren ‘Gernika’. Kantua bere horretan dago baina oso distortsionatua, beste eremu batera eramanda», aipatu du.

Dantzaren Nazioarteko Egunean Madrilgo museoan emateko sortu dute pieza baina, aurretik, Euskal Herrian ikusi ahalko da. Atzoko Donostiako estreinaldiaren ostean, asteazkenean Gernikan –Bakearen Sarietan– eta ostegunean Errenteriako Torrekuan erakutsiko dute, 19.00etan: «Polita iruditu zaigu, ondo dago halako espazioak arterako berreskuratzea».

«Topa», kulturen arteko topaketa

Bi estreinaldi izango ditu Kukairen “Topa”-k: «Guk estreinaldia.cat eta estreinaldia.eus izango dituela esaten dugu», argitu du Jon Maya koreogragoak. Eta, ostiralean, Kataluniako Sismograf jaialdiak hartu zuen «.cat» estreinaldia.

Pieza Kukai eta Brodas Bross hip hop talde katalanaren artean eraiki dute eta bi kulturen arteko topaketa irudikatzen du; hip hopa eta kale kultura alde batetik, eta euskal tradiziotik datorrena bestetik. Pieza «dinamiko eta freskoan», musika

elektronikoaren doinura ariko

dira Kukaiko dantzariak. Mayaren hitzetan, ikusteko «arina» da pieza, «baina ez zentzu txarrean; badu alaitasun puntu bat, rollo ona transmititzen duen pieza bat da. Dantzariek barrutik ere horrela bizi dute, eta nabaritu egiten da».

Euskal Herrian, martxoan Donostiako DFeria arte eszenikoen azokan erakutsi zuten eraikitze bidean zen piezaren zati bat eta «.eus» estreinaldia Leioako Umore Azokak hartuko du, maiatzean. A.A.