GARA
DONOSTIA

Debabarrena eta Lasarte-Oria, erabaki ahal izateko maiatzaren 7ra begira

Bi aste barru dute hautetsontziekin hitzordua batak zein besteak. Eskualdean herri bakoitzak bere galdera adostu du; Lasarte-Orian, berriz, bi erantzungo dituzte. Aurretik egindako lan handiagatik herritarrak zorionduz, etxean ez gelditzeko deia zabaldu dute.

Debabarrenak eta Lasarte-Oriak datorren maiatzaren 7an dute arreta jarrita. Bi asteren buruan gauzatuko dute erabakitzeko eskubidea, herri bakoitzean adostu den galderari erantzunez. Batean zein bestean atzo egindako agerraldietan berretsi zutenez, iritziak iritzi eta bakoitzak irudikatzen duen etorkizuna irudikatzen duela, parte hartzea da garrantzitsuena.

Debabarrenaren kasuan, Mutriku, Deba, Elgoibar, Itziar, Soraluze eta Eibarko herritarrak daude galdeketara deituta; guztira 16 urtetik gorako 47.152 pertsonak dute hitza, zehazki. «Erronka nagusia», adierazi zutenez, «ahalik eta jende gehienak parte hartzea» lortzea da.

Orain arteko lan mardula aipatu zuten sustatzaileek, «txingurri lana»; herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua batu eta galderak adostu, besteak beste. Hain justu, hauek dira, hurrenez hurren, maiatzaren 7an eskualdean egingo diren galderak: «Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi al duzu?» (Eibarren), «Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?» eta «Nahi al duzu euskal estatu independentea?» (Elgoibar eta Deban), «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?» (Mutrikun eta Soraluzen) eta azkenik «Euskal Herri independente bat nahi duzu?» (Itziarren). «Inor ez dadila etxean gelditu –eskatu zuten–, denon artean zirriborratu dezagun herri honen egituraketa politikoa nolakoa izatea nahi dugun».

Egun handian jendearen erantzun ona espero dute, beraz, eta badute aurrekaririk hala izango dela pentsatzeko: «ehundu» izeneko lehenengo fasean gutxienez 3.516 sinadura lortu beharra zuten prozesuak aurrera jarraitu ahal izateko eta sei milatik gora batu zituzten.

Bide batez, mahai-inguru baten berri eman zuten atzo. Apirilaren 27an izango da, 19.00etan, Eibarko Armagintza Eskolan. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Garbiñe Biurrun epailea eta Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Gure Esku Dagoko kidea mintzatuko dira. Moderatzailea Ion Telleria NAIZeko kazetaria izango da.

Lasarte-Orian bi galdera

Esan bezala, atzera kontaketa berean sartuta dago Lasarte-Oria herria. «Kanpaina ofizialki» hasi dela baieztatu zuten atzo, «orain dela lau urte piztutako metxa» galdeketa batean lehertuko dela iragarriz.

Bizilagunek bi galderari eman beharko diote erantzuna: «Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi al duzu interes publikoko gaietarako?». Bigarrenak hala dio: «Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?». «Bi galdera horiek izango ditugu botopaperetan eta baietz ala ezetz erantzuteko aukera izango dugu. ‘Bai’ ala ‘ez’. Parte hartzea, hitza hartzea, erabakitzeko eskubidea gauzatzea bera da garrantzitsua», azpimarratu zuten.

Informazio lagungarria

Gogorarazi zutenez, datozen egunetan etxeetara helduko dira botopaperak. Parte hartzeko NAN nortasun agiria aurkeztu beharko da; EHNA edo gidabaimenaren kasuan 2017ko errolda agiria ere beharrezkoa izango da eta hau aurrez eskatu behar da udaletxean. Atzerritarren kasuan bizileku-txartela edo pasaporteak balioko du.

Guztira sei bozkaleku izango dira: Andatza plaza, 4 (Muebles Azpeitia); Geltoki kalea, 25 (Ostadar); Erribera kalea, 10 (Lasartearra elkartea); Nagusia kalea, 10 (Arrieskalleta elkartea); Larrekoetxe bidea, 13 (Zabaleta auzo elkartea) eta Zirkuito ibilbidea, 13 (DendaBerri). Maiatzaren 7an bozkatu ezin dutenek GEDren lokalean (kale Nagusia, 16) aurretiazko botoa eman ahal izango dute apirilaren 29tik aurrera.

ANDOAIN COMIENZA SU ANDADURA Y PRESENTA «ESAN»

Ayer se presentó de forma oficial Andoain esan, el grupo de trabajo con el que la localidad guipuzcoana tejerá su camino hacia el derecho a decidir. El equipo, según destacaron sus promotores, está abierto y busca promover la participación. «Queremos que el mayor número de personas manifieste su opinión en otoño; de un lado y de otro. Llamamos a los ciudadanos que creen que la palabra es de los ciudadanos, aunque soñemos con un futuro distinto», agregaron.

Jon URBE | ARGAZKI PRESS