Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Azken hatsa agian

Kanpainaren lehen txanpa bukatu da. Ideiez gutxi hitz egin da kasu batzuetan, ustelkeria salaketak hain gogorrak izan diren hautagai batzuen kasuan zaila zela besterik aipatzea. Bakar batzuek programa azaltzeko ahaleginak egin dituzte. Orain, bigarren itzulia. Azken atentatu bat justu bozkatzeko bezperan, horrek beti piper pixka bat botatzen du, begiratu diezaiogun probetxua ateratzen dionari. Ezin erran hau motibaziorik gabe egina izan dela. Politika nahasten batzuk oso azkarrak izan dira beti. Aldi honetan ere, beldurrak bere eragina badu, bereziki bozkatu gabe geldituko zirenei begira. Hau baitzen kezka nagusia, horrenbeste ustelkeriak ez ote zituen herritarrak etxean utziko. Gehienetan, horrelako kasuetan, eskuinak ditu fruitu gehiago jasotzen. Alta, eskuinak aurten ez du laguntza berezirik behar. Izan ere, frantses panorama politikoa aspaldi ez zen hain eskuinekoa izan!

Duela hogeita lau urte hil zen Peio Marinelarena euskal presoa frantses gobernuaren eskuetan gaixorik zegoelarik. Ez genuen uste hau gerta zitekeenik giza eskubideen herria den horretan. Berriro gertatu zen. Frantziak ez baitu errukirik aurkariekin. Lagun batek gaixorik diren presoei buruz esaten zidan frankistengatik ezin duela Frantziak deus egin. Frantziak Libia suntsitu zuen nazioarteko herri guztien aurrean eta ez du autonomia aski hiru preso gaixo askatzeko? Frantzia oso determinatua da bere interesen defentsan, hau borrokalarien suntsitzetik pasatzen da. Aniztasuna ez du lehentasun, gogoan gorde behar den errealitatea.

 Autoritatea zalantzan. Frantses gobernuaren erabakia zalantzan eman zuten joan den ostiralean Gabadiko laboraria sostengatzera etorri zirenek. Hegaztiak hil nahi eta laborariak ez ados. Erabaki horren aurrean herritarrak hurbildu eta beste hegazti mota bat uxatu. Eguneroko lanetan, frantses administrazioak mila kilometrotara hartutako erabakietan sostengurik ez. Hau du ulertu behar Parisek. Guyanan edo Xiberoan, bulego batzuetan hartutako erabakiek ez dute lurraldeetan sinesgarritasunik. Bosgarren Errepublikaren azken hatsa agian?