GARA
DONOSTIA

Gizarte zibilak armagabetzean izan duen papera nabarmendu du Manikkalingamek

Euskal Herriko gizarte zibilak eta erakundeek ETAren armagabetzean jokatu duten papera prozesu honen alderik «positiboena» dela nabarmendu du Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko koordinatzaileak. Hala, “El País” egunkariak atzo argitaratutako elkarrizketa batean, «euskal armagabetze prozesuaz» hitz egin daitekeela ere aipatzen du azken urteotan gatazkaren konponbide prozesua eta armagabetzea gertutik jarraitu dituen adituak.

Era berean, espainiar Estatuaren inplikazio «argi eta zuzen» bat egon ez izanak armagabetzea atzeratu duela azaltzen du Manikkalingamek. Blokeo horren aurrean euskal gizarteak eta erakundeek soluzio bat bilatze aldera izan duten jarrera goraipatzen du. Ildo horretan, gogorarazten du parte hartu izan duen prozesu guztietan, esaterako Irlandan, Libian eta Kongon, «beti izan duela harremana gobernuekin, era diskretuan bazen ere».

Edonola ere, armagabetzea berak zituen aurreikuspenen baitan gauzatu dela azaltzen du egiaztatzaileak eta, gaineratzen duenez, erakunde nagusiek eta gizarteak baikorki hartu dute. «Barne Ministerio frantsesak pauso garrantzitsutzat hartu du. Espainiar Gobernuak ez du zalantzan jarri. Baina garrantzitsuena da hasi ginenetik bortizkeriaren amaiera baieztatu dela eta bakea eta elkarbizitza sendotu direla», adierazi du Manikkalingamek.

Errelatoa

Aralarrek, bestalde, agerraldia egin zuen atzo ETA armagabetu osteko agertokia baloratzeko. Alderdiaren ustez, kontakizunaren auzia dago mahai gainean orain, eta ohartarazten duenez, gertatutakoaren kontaketa atzera begira ez ezik aurrera begira ere egin behar da. «Errelatoa ez da bakarrik historiako egia argi eta garbi eta azken muturreraino jakiteagatik bakarrik egin behar den zerbait, baizik eta gainera, eta batez ere, etorkizunera begira eta askatasunean oinarriturik eraiki behar den kontakizuna», adierazi zuten Aralar alderdiko Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera buruek.

«ETA arrazoi politikoengatik sortu zen eta ETAk arrazoi politikoengatik utzi zion, orain dela sei urte, borroka armatuari eta arrazoi politikoengatik armagabetu da. Aldebakartasunez egin ditu ETAk urrats horiek», gaineratu zuten. «Ez da, beraz, inolako ordainketa edo prezio politikorik egon, baina horrexegatik ez dago ere inolako baldintza edo muga politikorik Euskal Herriaren etorkizun librerako», gaineratu dute.

Bestalde, bere etorkizunaz hausnartzeko ETAk iragarritako gogoeta prozesuak «eztabaida publikoa eta irekia» behar du, Zabaletaren iritziz.