GARA
DAMASKO

Damaskoko aireportu baten aurkako erasoa leporatu dio Siriak Israelgo Armadari

Damaskoko nazioarteko aireportutik gertu dagoen posizio militar bati eraso egin zion Israelgo Armadak atzo goizean, misilak erabilita, Siriako Gobernuak salatu duenez. Tel Avivek ez du ezezkorik esan.

Siriako gerra 2011n hasi zenetik makina bat eraso egin ditu erregimen sionistak herrialde arabiarrean, baina normalean ez ditu bere gain hartzen. Atzoko kasuan ere ez zuen gauza garbirik esan, baina aditzera eman zuen bonbardaketaren arduraduna bera izan zela.

Azken lau egunetan israeldarrek Sirian egindako bigarren erasoa izango litzateke, baieztatuz gero. Hezbollah Libanoko mugimenduak bat egin du Baxar al-Assad siriar presidentearekin eta bere posizioak lirateke atzo erasotakoak, munizio biltegi bat zehazki, oposiziokoen Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez.

Sana Siriako berri-agentzia ofizialak jakinarazi du Golango lurralde okupatuetatik jaurti zituztela misilak erasotzaileek, eta kalte materialak baino ez zituztela eragin.

Al Manar Hezbollah mugimenduaren telebista kateak eskainitako informazioaren arabera, misilek erregai-deposituak eta biltegi bat suntsitu zituzten.

Israel Katz Inteligentzia ministro israeldarrak adierazi zuen erasoa «koherentea» zela beraien «politikarekin».

Dawwar al Baytara hiriburuko hego-ekialdean bizi da. France Presse agentziari azaldu zionez, sekulako leherketa entzun zuen goizeko lauretan. «Balkoira atera eta suzko bola handi bat ikusi nuen aireportuaren inguruan. Argindarrik gabe geratu ginen, baina garrak oso ondo ikusten ziren», jakinarazi zuen 47 urteko siriarrak.

2011n Siriako gerra nahasia hasi zenetik Israelgo Armadak bonbardaketa bat baino gehiago egin izan du herrialde arabiarrean. Normalean siriar indarren eta Hezbollah mugimenduaren posizioei erasotzen die. Joan den igandean, esaterako, Baxar al-Assaden erregimenaren aldeko hiru miliziano hil ziren israeldarren bonbardaketa batean, Golango Quneitra herritik gertu dagoen kanpaleku batean. Orduan ere Israelgo Armadak ez zuen ezer esan.

Urtarrilaren 13an, berriz, Damaskok leporatu zion Tel Avivi Mazzeko aireportu militarrari eraso izana. Bertan ditu Aire Armadak bere inteligentzia zerbitzuak. Erasoak suteak eragin zituen.

Siriako hedabide ofizialek jakinarazi dute iaz ere israeldarrek jaurtitako misilek Mazzeko basearen inguruei eraso zietela. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak onartu zuen orduan Hezbollah mugimenduak jaso behar zituen armak zeramatzaten konboiak izan zirela beraien jomuga.

Gainera, Damaskoren esanetan, hiriburuko aireportuak israeldarren beste aire eraso bat jasan zuen 2014an.

Martxoaren 17an izan zen azken urteotako liskarrik larriena. Ustez Hezbollahk Palmiratik gertu zituen posizioei eraso zien Tel Avivek eta Siriako Armadak misil bat jaurti zuen, Israelera iritsi aurretik sionistek suntsituko zutena.