Jon ORMAZABAL
PILOTA

Irribarria: «Txapeldunaren presioa existitzen da»

Aimar Olaizola eta Martinez de Irujo izan dira azken urteetan txapela errepikatu duten pilotari bakarrak.

Beste garai eta testuinguru batean, ez horren aspaldi, ohikoa zen Buruz Buruko txapelduna hainbat urtez jarraian gorriz jantzita ikustea. Azkenaldian, ordea, agintaldiak askoz motzagoak dira eta XXI. mendea hasi zenetik Martinez de Irujo (2009-2010) eta Aimar Olaizola (2013-2014) izan dira txapela errepikatzeko gai izan diren bakarrak eta izan dira saialdi batzuk. Eugik, Belokik, Barriolak, Patxi Ruizek, Bengoetxea VI.ak, Xalak eta Urrutikoetxeak egin ahal izan ez zutena lortzea da Iker Irribarriaren hurrengo erronka, Binakakoan ere palmaresa estreinatu berritan.

Txapelketako lehen partida zailaren bezperan, Aramakoa ez da, gainerako pilotarien maila ikaragarriaz harago, errepikatu ezin horren arrazoi bat emateko gai, baina argi du bere nahia «aurten hori horrela ez izatea» dela.

Buruz burukoa izan zen iaz pilotazale guztiak txunditzera eraman zuen txapelketa eta urtebetean erabat aldatu da bere bizimodua. «Txapeldunaren presioa existitzen da eta ez buruz buru bakarrik. Azkenean urte osoan zehar kamiseta gorria eramaten duzu, toki guztietan irteten zara... baina pertsonak gara, hau joko bat da eta gauzak ondo irteten ez direnean ere buelta ematen ikasi behar izaten da. Presio puntu batekin bai, baina lasai ere etorri behar da, azkenean partida bat da eta disfrutatu ere egin behar izaten da», azaldu zuen.

Ohiko zalantzak

Aldaketa horien artean nabarmenetako bat urte osoan gorengo mailan aritu beharra da. Iaz ez bezala, Binakako Txapelketan azkeneraino heldu da Irribarria eta honek ez dio Buruz Burukoa nahi bezala prestatzen utzi, horrek sor ditzakeen zalantzekin. «Binakako txapela ondo ospatu genuen, baina buelta ematea kosta egiten da eta erritmoa hartzea ere bai. Hainbeste denboran binaka arituta, orain buruz buru hastea lan zaila da, baina gustura ere hartzen da».

Egindako entrenamenduetan bakarkako lanetako «sentsazioak» berreskuratzea kosta egin omen zaio. «Gehien, sotamanoa eta kantxan kokatzea, azkenean binakakotik oso desberdina baita kokapena. Gero, oso jokamolde gogorra da, hauspoa ere segituan betetzen da eta fisikoki oso ondo prestatuta egon behar da».

Binakakoaren ostean atseden hartzeko astebete hartu ondoren, ez du lan berezirik egiteko betarik izan, baina Binakako txapelak «orain arteko lanak beteta» izatearen lasaitasuna ere eskaintzen omen dio.

Iaz ezustean harrapatu zituen Irribarriak eta aurten denek faboritotzat dute aramarra, baina horrek ez du arduratzen. «Iaz ere, Aimarri irabazi ostean, Oinatz eta Urruti ere prestatuta zeuden, baina gauzak ondo irten ziren. Azkenean etorri eta jokatu egin behar izaten da, zortea ere hor egoten da, nolako eguna daukazun...».

 

Estilo arteko lehia Donostian

Gaur gauean ezagutuko da Donostiako Atano III.ean Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan arituko den lehen pilotariaren izena. Bi pilotari gipuzkoar baina estilo erabat desberdinekoek neurtuko dituzte indarrak; Beñat Rezusta atzelari jotzaileak eta aurtengo lehian debuta egingo duen Jokin Altuna errematatzaileak.

Kostata, baina Victor kanporatzetik dator atzelari bergararra, txapelketan geratzen den bakarra. «Nire jokoa egitera etorriko naiz, botera jokatu eta Jokin frontisetik ahalik eta urrutien izateko asmoz, pilotari altuera emateko nahiarekin», azaldu zuen.

Txapelketa hasierako ohiko zalantzekin dago amezketarra, baina Buruz Burukoa prestatzeko nahikoa denbora eduki izanak ematen dion lasaitasunarekin. Rezustak dominatzen duenean sufritzea tokatuko zaiola badaki, baina baita bere aukerak izango dituela ere. Horietan asmatu behar.J.O.