Maider IANTZI

HIRU URTEAN, «MI AMOL» ERRATETIK EUSKARAREN ENBAXADORE IZATERA

Gogoz, ilusioz eta errespetuz, euskara ikastea soilik ez, irakastea ere lortu du Leo Turiño kubatarrak. Txundigarria da hiru urtean egin duelako. Euskaldun batekin maitemindu zen eta, haren bidez, kulturarekin. Berak AEK-koak maitemindu ditu. AEK jendea da.

Leo Turiño Aguila da aurtengo AEK jendea ekimeneko protagonista. Euskarak 300.000 hiztun berri irabazi ditu eta horietako heren bat euskaltegietatik atera da. Kopuru handia da, baina are handiagoak dira ikasle bakoitzaren prozesuak, eta horiek erakusteko sortu zen iaz AEK jendea. Helduaroan euskara ikasi eta euskaraz bizitzen hasi den lagun bat aurkeztuko dute urtero. Lehena Juanma Iturriondo lasartearra izan zen. Bigarrena Leo Turiño, 30 urterekin Kubatik Igorrera etorri eta segituan euskaltegian hasi zena. Bere esperientzia azaltzen duen bideoa ikusgai dago Interneten (Youtube.com/watch?v=LSYDtAQJB-U).

Klara Astondoa Uria Arratiako AEK-ko kidearekin batera agertzen da kubatarra Hiru Damatxo ideia faktoriak eta AEK-k ekoitzitako erreportaje laburrean. «Gure euskaltegian ibili da, bertako irakasle guztiok izan gara bere irakasleak –kontatu dio GARAri Astondoak–. Hasieran modulazio txikiko talde batean sartu genuen, AISA etorkinentzako harrera taldean. Baina berehala ikusi genuen ez zuela hor aurrera egingo. Euskalduntze talde arrunt batean sartu zen. Kuriosoa da ez duela inoiz ikastaro trinkorik egin. Astean hamar ordu egin ditu, ikasturtean 330. Eta lehenengo ikasturtean lehenengo hizkuntza eskakizuna atera zuen, bigarrenean bigarrena, hirugarrenean hirugarrena, eta jarraian, lizentziatua izanik, berari hainbeste gustatu zaion hizkuntzaren irakasle bihurtu zen. Bere ikaskideei klaseak ematen aritu da AEKn».

EGA atera ondotik, oraindik ez zegoen gustura ez zuelako euskaraz ametsik egiten. Orduan, Arantzara joan zen AEK-ko barnetegi batera eta pozarren bueltatu zen, helburua lortuta. «Guretzat eredua da, hunkigarria ere bai, Leo gure lanaren fruitu bat baita. Urteetan ikusi izan ditugu, baina hain azkar, ondo eta polito, gutxi».

Kulturatik barneratu zen euskaran

Saiatuz gero, ahal dela erakusten du Turiñok. «Egia esan, denbora asko izan nuen ikasteko. Nire helburua zen eta ez zuen inporta gaua zen ala ez, beti ikasten ari nintzen, nire hiztegiarekin. Zerbait bururatzen bazitzaidan bilatzen nuen ea nola esan ahal nuen. Horrela ikasten dela uste dut», agertu dio GARAri.

Hizkuntza kultura da, eta kulturatik hasi zen hizkuntza ikasten. «Etxean bertan nuen eredu bat. Euskaldun jatorra, gainera. Arratiako euskara ez da batua eta ahal izan nuen guztia hartu nuen hortik».

Euskaldun batekin maitemindu zen eta, haren bidez, kulturarekin. Hortik dator bere Euskal Herriarekiko harremana. Euskara gustatu zitzaion. «Oso materiala da, zentzuak sustraitik datoz. Adibidez, suhiltzailea, ‘sua hiltzen duena’. Oso praktikoa da. Hor ikusi nuen hizkuntza ulertzeko bide bat». Erabiliz ikasten dela dio, jendearekin harremanean, kalean euskaraz eginez, hortik ahalik eta gehien jasoz. Arantzako barnetegian euskalki desberdinetako lagunak ezagutu zituen. Hagitz esperientzia ona eta polita izan zen. Adiskideak irabazi zituen.

Oraindik urduri jartzen da euskaraz mintzatzean, batez ere astean ingelesez egiten duelako eta txipa aldatu behar duelako. Jariotasuna galtzen ari dela nabaritzen du. Orain arte Igorren bizi izan da eta orain Iruñera aldatu da. «Hemen ez dut lagunik. Ez dut harremanik. Beraz, nire kabuz egiten dut. Nire lan ordutegiak ez dit uzten beste leku batera joaten euskara erabiltzeko. Baina jarraituko dut», adierazi du euskarari tinko helduta. Euskaragatik lagunak egin ditu, euskarak hemengo bizitza eman dio.