gara, donostia
INDEPENDENTZIA PROZESUA ESKOZIAN

Sturgeonek «stand by» egoeran jarri du prozesu independentista

Theresa Mayk hauteskunde orokorrak deitu izanak planak aldarazi dizkio Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari. Aste Santu osterako iragarria zuen bigarren erreferendum independentistaren bidean urrats berrien berri emateko agerraldia, baina itxarotea erabaki du britainiarrek hautetsontzietan herrialdearen patua erabaki ostera arte.

Behingoz, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa baino azkarrago ibili da bere homologo Theresa May britainiarra. Londres izan da oraingo honetan Edinburgori aurrea hartu diona, eta ez alderantziz, ohi legez. Bi agintariek darabilten bataila taktikoan gol bat sartu dio britainiarrak eskoziarrari, nolabait esateko. Izan ere, Mayk datorren ekainaren 8rako hauteskunde orokorrak deitu izanak bigarren independentzia erreferendumaren bidean zituen planak aldatzera behartu du Sturgeon.

Iragan martxoan lehen ministro eskoziarrak bigarren independentzia erreferenduma iragarri zuenetik dator kontua. Iragarpen publikoaren ostean jaso zuen Holyroodeko Legebiltzarraren mandatua Sturgeonek, eta egun batzuen buruan eskatu zion Mayri formalki –eskutitz bidez– eskoziarrei, bigarrenez, euren etorkizun politikoaren inguruan galdetzeko baimena. Erantzuna, baina, ezezkoa izan zen, ez omen zen hura kontu horietarako «momentu egokia». Hala, eta erantzunak ustekabean harrapatu ez zuela garbi utziz, Aste Santuaren osterako iragarri zuen Sturgeonek beste agerraldi bat, erreferenduma ospatze bidean urrats berrien berri emateko erabiliko zuena.

Aipatu agerraldia, baina, ez da berak iragarri bezain bizkor iritsiko. Zain egotea tokatu zaio Sturgeoni, halabeharrez, Mayk aurrea hartu baitio. Britainiarrek datorren ekainaren 8an hautetsontzietan euren etorkizuneko patua erabaki ostean itzuliko da bueltan Eskoziako lehen ministroa, orduan bai, erreferenduma ospatze bidean dituen asmoen berri emateko.

Momentu egokia, segun eta zertarako. Independentista eskoziarrek ez dute begi onez hartu Mayk hauteskunde orokorrak deitu izana, bi arrazoigatik batik bat. Batetik, garrantzitsuena beharbada, hilabete lehenago Eskoziak udal hauteskundeak izango dituela da. Datorren ostegunean hautatuko dituzte eskoziarrek euren udaletako ordezkariak, arreta mediatiko guztia ekainaren 8ko saiora bideratua den bitartean. Dagoeneko igartzen hasia den elementua da aipaturikoa, hedabide nazionalen titular gehienak Westminsterrerako hauteskundeek hartzen baitituzte. Gertatuko zenaz jakitun, estatu ikuspegi batetik baino alderdiaren interesei jarraitzea leporatu dio SNPk Mayri, zalantza gutxi baita hauteskunde orokorrek utziko dituzten emaitzen inguruan.

Eta horra bigarren arrazoia. Laborismoa Eskozian eta Britainia Handian hondoa jotzen ari den honetan, momentua aprobetxatu nahi izan du britainiarrak bozetara deitu eta are posizio indartsuagoa lortzeko. Horrek Brexitaren negoziazioak nahieran –hots, bide «gogorretik»– garatzeko boterea emango lioke Mayri, eskoziarren interesen aurka. Bada, SNPren eta toryen arteko bataila izango da Eskozian biziko dena, abertzale eskoziarren aldera eroriko dena, baina batak galtzen eta besteak irabazten duenari erreparatu beharko zaiona. Ez da zalantzarik SNPren garaipenaren inguruan –jokoan zeuden 59 legebiltzarkideetatik 56 aulki irabazi zituen alderdiak 2015ean–, baina indarberrituta ageri dira kontserbadoreak irlaren iparraldean ere, laborismoaren kaltetan, goranzko joera garbian.

Egoera horretan, SNPri eta Berdeei, independentziaren aldeko alderdi nagusiei, bat egiteko eskatu die Scottish Independence Convention-ek, alderdi eta mugimendu independentista guztiak bere baitan biltzen dituenak. Bigarren erreferendumari azken bultzada emateko erabili nahi ditu bozak, eta eskoziarrek Westmisnterren izango dituzten aulkien gehiengoa independentista izatea nahi du horretarako. Bi bozketa deialdi ezberdin, beraz, Eskozian datozen asteetan. Bi deialdi, betaurreko berak erabiliz aztertuko direnak: independentismoa vs unionismoa. Hautetsontzien bueltak utzitako ajearen araberakoa izango da Sturgeonek bigarren erreferendumerako bidera egingo duen itzulera. Orduan erabakiko du eskoziarrak erreferendumaren pilotuan «on» edo «off» teklari sakatu.