GARA
SANA

Yemengo kolera izurritea dela-eta, matxino huthiek laguntza eskatu dute

Dagoeneko 115 hildako eragin dituen kolera izurritea dela-eta, Sana hiriburua mendean duten matxino huthiek osasun larrialdi-egoera ezarri dute. Nazioarteko laguntza ere eskatu dute.

Orain bi urte pasatxo hasitako gerrak dagoeneko 10.000 hildako eta 44.500 zauritu eragin ditu Yemenen, populazioaren bi heren laguntza humanitarioaren beharrean uzteaz gain. Gainera, herritarrek jasaten dituzten baldintzak gero eta negargarriagoak dira eta osasun sistemak ezin du aurrera atera etortzen zaion lan guztia.

Testuinguru horretan eta kolera izurriteak azken egunotan izan duen bilakaera kezkagarria kontuan hartuta, matxinoek laguntza humanitarioa eskatu diote nazioarteko komunitateari, «hondamendia saihesteko».

Krisi larria

Sana hiriburuan bertan herritar asko gaixotu da kolerak jota. Aurreko urteetan izaten zituzten kopuruak gaindituta dituzte eta hiriko osasun sistema « ez da hondamendiari eusteko gauza», esan du Hafid ben Salem Mohammed matxinoen Osasun ministroak, Al Masira huthien telebista katean.

«Kolera krisi larri bati aurre egin beharrean gaude», onartu zuen, bere aldetik, Dominik Stillhart Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko operazio zuzendariak joan den igandean Sanan bertan eskaini zuen prentsaurrekoan.

Stillhartek Yemengo Osasun Ministerioak emandako datuak ekarri zituen gogora: apirilaren 27tik maiatzaren 13ra bitartean 115 herritar hil zituen kolerak, eta gaixotuta egon zitezkeen 8.500 kasu erregistratu zituzten, herrialdeko hamalau probintziatan.

Gaixotasuna oso epe laburrean gaiztotu zen, adituek nabarmendu dutenez. Joan den ostegunean, esaterako, Nazio Batuen Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak egin zuen balantzearen arabera, une hartan 47 ziren kolerak jota hildakoak, eta 2.301 hamar probintziatan erregistratutako kasuak.

Alkatearen kooperazioa

Atzo larrialdi-egoera ezarri aurretik, Amin Mohammed Jamaan matxinoek izendatutako Sanako alkateak agindu zuen kolerari aurre egiten laguntzera etortzen diren nazioarteko erakundeei bere esku dauden erraztasun guztiak emango dizkiela. «Erraztasun, laguntza eta kooperazio osoa emango diegu Sanako agintariok», esan zuen alkateak Saba agentziak banatutako informazioaren arabera.

Yemen arabiar penintsulako herrialderik pobreena zen gatazka hasi aurretik ere. Une honetan osasun sistemaren instalazio gehienak suntsituta edo beren zerbitzua eskaini ezinik daude. Gainera, Nazio Batuetako adituen arabera, hiru herritarretik bik arazoak dituzte edateko moduko ura aurkitzeko garaian. Kolera asko izaten den eremuetan 7,6 milioi yemendar bizi dira.