GARA
BILBO

Markina-Xemeinek bere ekoizleen onena aterako du Okela Egunean

Goizean goiz jarriko dira bihar burruntziak martxan 26 bildots poliki-poliki erretzeko. Bertako artzainak eta bertako haragia, gertukoa dena kontsumitzea zein garrantzitsua den gogoratuz. Azokan, barazkiak, gazta eta goxuak, besteak beste, eta dena «etxekoa».

Goizean goiz atonduko dituzte burruntziak eta prestatuko dute ikatza, gori-gori jarri arte. Kanalean irekiko dituzte 26 bildots eta hauek pixkanaka-pixkanaka eta mimoz erretzen joango dira, dastatzeko prest egon arte. Mmm… a ze usain ona!

Markina-Xemeinen guztia prest dago bihar Okela Eguna ospatzeko: jana, edana eta giro aparta. Aurten gainera iluntzera arte luzatuko da, tabernek erromeria antolatu baitute Imuntzo eta Belokiren eskutik, 19.00etatik aurrera, Goikoportalean.

Udalak duela sei urte ekin zion berriz ere eguna antolatzeari, jatorrian otsailean egin ohi den landare azokan eskaintzen baitzen txahal errea, pintxotan. Urte batzuetan, ordea, ohitura hori galdu egin zen eta etenaldi txiki baten ostean, hitzordu hartatik kanpo okelari bere lekua ematearen aldeko hautua egin zuten. Berrantolaketa horretan bertako artzainen parte hartzea ezinbestekotzat jo zuten gainera, eguna herriko ekoizleen haragia sustatu eta kontsumitzeko aukera paregabetzat hartuta. Geroztik, edizio batzuk igaro dira eta hitzordua bere lekua hartzen ari da urtez urte.

Antolatzaileek GARAri esan diotenez, Markina-Xemeinen hiru dira bertako artzainak. Neurri batean, besteak beste, «elikadura subiranotasunaren eta elikadura osasuntsu baten aldeko apustua da hitzordua bera, bertoko produktuak sustatzea, bertoko lana bultzatzea, herriko ekonomiari bultzada emateko asmoz», dio Isa Mandiola zinegotziak. Eta filosofia hori guztia bildotsaren okelarekin lotu zuten.

Guztira 26 bildots erreko dituzte, baina bertako beste hamaika produktu salgai izango diren azoka ere egongo da. Orotara hamabi postu jarriko dituzte: barazkiak, sagardoa, txakolina, ogia, goxuak, eztia, gazta, txerrikiak… Guztia etxekoa, herrian bertan edo bertatik oso-oso gertuko eremuan ekoitzia.

Urrian egiten da azoka nagusia, baina orduan eskualdekoak diren jakiak eskaintzen dira. Kasu honetan oso hurbileko eremuan landutakoa sustatzen da. Eta hortxe dago bere balioa, izan ere, bezeroak ezagutu dezake erosten duen hori non ekoitzia izan den, non landu den, nork egin duen. Hau da, produktuaren kate osoa jarraitzeko aukera dago, baita dastatuko diren bildotsena ere. Biharkoa jai eguna da noski, baina oinarrian eredu baten bozgorailua izango da Markina-Xemein.

Azoka, bildotsak eta tailerra

Goizeko hamarretan hasiko da eguna azokaren irekierarekin, baina lehenagotik bildotsak erretzen ikusi nahi duenak aukera izango du begiez gozatzeko gero dastatuko duenaz. Hori ere bada ikuskizuna, ezta?

Txakur eta ardi erakustaldia 11.30ean izango da herriaren erdigunean, eta eguerditik aurrera musika eskolak kaleak girotuko ditu kalejira batekin. Ondoren, 12.30ean hasiko dira bildots pintxoak banatzen. Azoka 15.00etan itxiko dute, baina goiz osoan haurrentzat lorezaintza tailerra eskainiko da txikienekin lurra lantzeko.

Aipatutako erromeriak arratsaldea luzatzen lagunduko du; larunbata izanda, ordea, aitzakia gutxi beharko da goizean hasitako jai giroa gauera arte luzatzeko. Gozatzera, beraz.