GARA
GASTEIZ

Urizarrek EAko kideen babesa jaso du eta hautagai izateko eskatu diote

Egungo zuzendaritzarekin kritiko agertu zirenei erantzuteko modua izan zen atzo Urizarri babesa emanez Gasteizen egindako agerraldia.

Eusko Alkartasunaren militante talde batek egungo idazkari nagusia den Pello Urizarri eskatu dio bere burua berriro aurkez dezala alderdiaren buruzagitzarako.

Atzo, Gasteizen egindako ekitaldian, Urizarrek orain arte egindako lana txalotu zuten jarraitzaile eta alderdikideek. Horien artean zeuden Eva Blanco eta Leire Pinedo parlamentariak, eta Antxon Belakortu eta Mikel Oraa zinegotziak.

Egungo alderdiaren zuzendaritzarekin kritiko agertu zen talde bat maiatz hasieran. Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa, Miren Aranoa eta Unai Ziarreta bezalako kideen kontrako jarrerari erantzuteko egin zuten atzoko agerraldia. Izan ere, talde horrek bere proiektu propioa aurkeztu zuen Bilbon eta ekaineko lehen asteburuan Donostian izango den kongresurako hautagaitza bereizia aurkeztuko duela ere iragarri zuen.

Egungo zuzendaritzaren aldekoak Urizarri babesa emateko eta euren «harrotasuna eta miresmena» zabaltzeko asmoz elkartu ziren atzo Gasteizen. «Izan da, eta izango da» Euskal Herrian gertatzen diren «gauza handien eragile nagusietako bat», nabarmendu zuten.

Hala, gogoratu zuten Urizarrek indar subiranista baten aldeko apustua egin zuela bere garaian, Sorturekin “Lortu arte” akordioa sinatzeko, eta Bildu zein EH Bildu sortzeko. Horren alde egin zuen bazterketak eta ilegalizazioak ekiditeko, eta baita ere «gizarteko sektore guztiak» Gasteizko Parlamentuan irudikatuak sentitu zitezen.

Era berean, ETAren armagabetzea aipatu zuten, baita Joseba Asironen alkatetza ere Iruñean. «Gauza horietan guztietan eta beste askotan egon da lehen lerroan Pello Urizar EAren ahotsari helduz, bere printzipioak sekula alde batera utzi gabe, baina gainerakoak errespetatuz», laburtu zuten. «Bonbazia handian herria egitearen aldeko apustua egin zuen, Euskal Herri berri bat eraiki nahi zuen edonorekin bat eginez, eta denborak erakutsi du ez zegoela oker», esan zuten.

Hitz politak

Bestalde, «gutxi batzuk baino pausoak ematera ausartu ez zirenean edo itzaletan arrakasta edo porroten zain zeuden bitartean, berak pausoak eman zituen. Zalantzekin eta beldurrekin aurrerantz ibiltzeko ausardia izan zuen». Hori dela mezu argia zabaldu zuten bere jarraitzaileek: «Pello Urizarrek ekintzekin erakutsi du konpromiso, lan, gardentasun, balio, koherentzia, osotasun eta duintasun eredu bat dela», adierazi zuten egungo idazkari nagusiari alderdia zuzentzeko bere hautagaitza aurkeztu dezala eskatu baino lehen.

Sektore kritikoko hainbat ordezkari, bestalde, Iruñean izan ziren aurrekontu sozialei buruzko jardunaldi batean. Bertan, EH Bilduren barne prozesuaren harira, «aniztasuna» haren balio nagusia dela berretsi zuten.