Jon ORMAZABAL
Entrevista
OINATZ BENGOETXEA
ASEGARCEKO PILOTARIA

«Garai batean txapelak obsesio puntu bat zuen, orain batere ez»

Azken urtean bere ibilbide osoan adina final jokatuko ditu leitzarrak eta horren guztiaren oinarrian lortutako joko maila dagoela uste du aurrelariak. Iazko uda oso latzaren ostean, enpresak apenas eman zion aukerarik eta Lau eta Erdiko txapela irabazteak asko lasaitu zuen aurrelaria; bizkarra babestuta sentitzeak Oinatz Bengoetxearen hegalak askatu ditu eta ez du geratzeko asmorik.

Konfiantza. Hori da Oinatz Bengoetxeak bere joko bolada bikaina azaltzean etengabe erabiltzen duen hitza. Irribarria izango da faborito, baina, galtzeko ezer ez duela sinistuta, kontuz nafarrarekin.

Finalak asko aztoratzen zaitu?

Ez, egia esan, hori ere aldeko daukat. Ez naiz obsesionatzen ari batere txapelketarekin eta horrek gauza bat dauka atzetik: azken finaletara heltzeak asko laguntzen dizu txapelketak irabaztearekin ez obsesionatzeko eta finalera heltzearekin eta dinamika on horretan lagundu egiten du.

Bizkarra babestuta duzula, alegia?

Bai, azkenean Lau eta Erdiko txapela irabaztea ikaragarria izan zen eta gero Binakakoan lasai jokatu dut, eta horregatik finalera heltzeko gai izan gara obsesiorik gabe jokatu dugulako, eta Buruz Burukoan gauza bera pasatu zait. Aimarren aurkako lehen lehia hura partida eder bat bezala planteatu nuen, irabazi edo galdu, partidarik onena jokatzea zen intentzioa eta oso ondo irten zen eta Urrutikoetxearen aurka ere bai. Biak pilotari ikaragarriak dira, ez zuten euren egunik onena izan baina nik nire jokorik onena atera dut eta parte handi bat horregatik izan da, aurretik gauzak ondo eginda nituelako, presio hori gainetik kendua nuelako.

Azken urtean zure ibilbide osoan adina final jokatu dituzu...

Hala da, ez dut esplikaziorik. Beti izan ditugu aurkari oso gogorrak, Aimar eta Irujo aurkari ikaragarri gogorrak izan dira urte hauetan guztietan, eta horma oso gorra izan dira, ez niretzat bakarrik beste askorentzat ere bai. Juan ez dago aktibo, Aimar hor dago, oraindik ere gerra emateko, baina agian azken hau ez da bere urterik onena izan.

Eta nik ere nire meritua izan dudala ere pentsatzen dut. Nik uste joko puntu oso polita hartu dudala, eta Juan eta Aimar ez egonda ere, belaunaldi berriko beste aurkari latzak daude eta horien kontra finalera heltzea ere meritu handikoa da.

Loading player...

Inoizko Oinatzik onenaren aurrean gaude?

Ez dakit, nik uste bolada oso onak lehen ere izan ditudala, baina agian ez halako jarraitutasunarekin.

Duela bi urteko finalaren atarian ere izugarrizko jokoarekin zinen eta lesio madarikatu hura etorri zen. Buruz Burukoa zorretan zen zurekin?

Ez dut uste, egun horretakoa pena handia izan zen, ez zen inoren errua izan, izatekotan nirea, entrenamendu baten amaieran ‘tontamentean’ hatza hausteagatik. Nik hori pasatu eta ahaztu nuen eta ez dut uste niri pilotak ezer zor didanik eta Manomanistak gutxiago.

Zure ibilbidean kolpe dezente eramandakoa zara, baina beti jaiki izan zara...

Ongi ikusten dut neure burua mentalki; azkenean esan dugun konfiantza hori badaukat orain. Nik 15 urte egin behar ditut pilotan eta txapeldun izatea handiena da, ikaragarrizko poza da, baina nik daukadan planteamendua hurrengo partida da. Labriten jokatu ditudan lehia berezi hauek, jendearekin, giroarekin… urteak betetzen dituzun eran beste helburu batzuk jartzen dituzu, partida on bat jokatzea, gozatzea, jendea gustura uztea… ni horretan ari naiz.

Garai batean txapela obsesio izatera heldu zen?

Bai, 2008koa lortu ondoren, hurrengo urte askotan txapela lortzeko gogo handia nuen, esanaz bezala urte hartakoa ez zela zortez lortutakoa izan. Urte horietan guztietan topera borroka egin dut eta harro nago egindako lanarekin, prestakuntza maximoa egin dudalako, baina aurkariak hobeak izan dira eta horregatik ez dut urte horietan txapelik lortu. Orduan bai zen obsesio handiagoa, baina orain ez da batere.

Enpresak ez du txapelak irabaztera behartzen?

Ez, enpresak behartzen du berak ahalik eta jokorik onena ematera, ez irabaztera.

Aurtengo uda oso desberdina izango da?

Ba, esperantza hori daukat. Iazkoa txarra izan zen, asko sufritu nuen eta nik nire partetik joko ona erakustea da asmoa eta enpresak pentsatzen dut aukerak emango dizkidala.

Enpresan ez duzu estatusa irabazi emaitza hauekin?

Ez dut uste. Nik uste dut oraindik ere Aimarrek daukala kategoriarik handiena, momentu honetan azken finaletara heldu ez bada ere. Aimar Olaizolak Aimar Olaizola izaten jarraitzen du eta pilotari bezala bere kategoria ez da ezbaian jartzen. Nik uste bera dela oraindik enpresaren erreferentzia eta Urrutikoetxea, dudarik gabe, ere bai.

Estilo propioa garatu duzu, gainerakoenetik oso desberdina. Oraindik baliagarria da?

Momentuz behintzat, nire jokoa beti erritmoa sartzea izan da eta hor ahal den guztia eustea. Batzuetan ongi joan zait, besteetan ez. Argi dago orain pilotari guztiek sotamanoz jokatzen dutela asko, eta gero eta zailagoa da pilota airez enpalmatuta tantoa egitea. Beste errekurtso batzuk bilatu behar dira, hanketara bota, paretara sartu… pixka bat konplikatzeko.

Lehen lautik laura hiru pilotakada sartzen bazenituen, hurrengoa aurkariak ez zuen eramango, hala uste genuen denok, baina orain ez da horrela gertatzen. Aurkariek beti ondo enpalmatzen dute pilota eta direkzioa eman behar diozu gainera, hori da, nik uste, izan den garapen handiena. Ni nahiko ondo moldatu naiz joko horretara, aireko joko horretan, lautik laura, pilotari gutxi gorabehera direkzioarekin sartzen asmatzen ari naiz eta horrek balio du.

Irribarriak eta Bilbok ez dirudite joko horretarako konbinaziorik aproposenak...

Ziur ezetz. Iker eta Bilbo konbinaziorik txarrena da, Bilbokoa pilotaleku lasaia da, denbora gehiago ematen du, jokoa lentoagoa da eta Ikerrek ez dizu uzten bi pilotakada jarraian lautik jotzen; bat jotzen duenean zazpira joan behar duzu airez jotzera. Hori du bere dohain ikaragarrienetako bat, ikaragarria da sotamanoz bi pauso eman eta nola jotzen duen pilota. Beste dohain asko ditu, ez da bakarrik indarra, klase ikaragarria dauka, baina bere berezitasunik handiena da sotamanoz jotzen duen palazo hori, bi pauso eman eta sotamanoz hautsi egiten du eta hor aurkariak lehertzen ditu.

Eta gainera finalerdietako erresto horiek egiteko gai bada...

Hori ere bai ezker paretara perfektu sartzen ez badiozu, boleaz goitik jotzen du eta beretzat errazagoa da paretako pilota hori jotzea. Leku guztietatik zartakoa ematen dio eta, bueno, horregatik da momentu honetan txapelduna eta, aurten ere finalera helduta, manomanistarik onena.

Aurrean izan duzun jotzailerik handiena da?

Airez sotamanoz bai. Botera agian beste batzuk gehiago atzeratu izan dute, baina airez berak du sotamanorik indartsuena, dudarik gabe.