GARA
IRUÑEA

Aurrenekoz, elkarte batek hartuko du sanferminetako txupinazoa botatzeko ardura

Andrea/Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA eta Pamplona Ciudad de Acogida dira egun handian txupina botatzeko hautagaiak; izaera soziala da nabarmen aurten. Irabazlea zein den ekainaren 23an argituko da.

Lehengo urtean egin bezala, Iruñeko Udalak prozesua abiatu du boto sistema bidez herritarrek erabaki dezaten nork jaurtiko duen sanferminetako txupinazoa. Hauek dira hautagaiak: Andrea/Lunes Lilas, Bilgune Feminista, DYA, eta Pamplona Ciudad de Acogida. Tartean ez dago pertsonarik; beraz, elkarte bati egokituko zaio aurten lehen aldiz jaiei hasiera ematea. Iaz, iruindarrek Jesus Ilundain Tuli peñakidea aukeratu zuten «lan» horietarako.

Lau hautagaietatik bi talde feministak dira. Andrea-Lunes Lilas-ek berdintasunaren alde lan egiten du urte osoan, baita festa giroan ere. Hain justu, 80ko hamarkadaz geroztik peñekin elkarlanean dihardute eta proposamenak egiten dituzte jaietako programetatik ekimen sexistak ezabatzeko.

Bilgune Feministak, 2002an sortua, tradizio feministaren oinordekotzat du bere burua, eta eredu hegemoniko eta androzentrikoen aurka egiten du borroka.

Hautagai guztiek, baina, izaera soziala dute amankomunean: emakumeen eskubideen defentsa, migratzaileen eskubideen errespetua edo errepidean jendea artatzeko lan boluntarioa.

Batzorde teknikoak iragan maiatzaren 24an izan zuen bileran berretsi zuen lau hautagaiek Alkatetzaren Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituztela. Hala, ekainaren 5ean irekiko da bozkatzeko epea. Boto gehien jasotzen dituen hautagaiak jaurtiko du txupinazoa; berdinketa egonez gero, elkarrekin jaurtitzea proposatuko da.

Bozkatzeko epea ekainaren 22ra arte egongo da zabalik, eta hauek dira bideak: Erabaki Pamplona webgunea, 010 telefonoa (948 42 01 00, sakelakotik edo hiritik kanpo deitu nahi bada) edo Civivox sareko edozein zentrotan. 16 urte baino gehiago izatea eta Iruñean erroldatuta egotea dira baldintza bakarrak. Epe hori bukatu eta biharamunean, ekainaren 23an, emango dute jakitera nork irabazi duen.