GARA
JERUSALEM

Berrogei egun bete ditu 1.600 palestinar presoren gose grebak

Israelgo espetxeetan dituzten 1.600 palestinar preso inguruk abian jarritako «askatasunaren eta duintasunaren aldeko» gose grebak berrogei egun bete ditu dagoeneko. Boikotaren aldeko mugimenduak Israeli arma blokeoa ezartzea eskatzeko kanpaina abiarazi du.

Grebalarien sasoiak behera egin du eta Akram Ayasa Preso eta Preso Ohien Gaietarako Batzordeko eledunak jakinarazi du aste honetan 182 preso eraman dituztela osasun zentroetara, beren osasun egoera aztertu ahal izateko. Egoera hain kezkagarria izanda, Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak Israelgo agintariei eskatu die egoera konponbidean jartzeko, baina Tel Avivek ez du negoziatu nahi.

«Israeldarren erreakzioa ez da batere positiboa izan», esan dio Efe berri agentziari Akram Ayasak. Berak adierazitakoaren arabera, grebalarien eta potentzia okupatzaileko agintarien artean gaur egun ez dago inolako komunikaziorik.

Mahmud Abbas presidenteak berak AEBetako ordezkariekin hitz egin du aste honetan, Benjamin Netanyahuren Gobernua estutu dezan. Jason Greenblatt Ekialde Hurbileko negoziazioetarako Trumpen aholkularia hartu zuen ostegunean Abbasek Ramallahen. Kontuan hartu behar da bi egun lehenago Trumpek berak esan zuela palestinarren eta israeldarren arteko bake prozesuak aurrera egin behar duela. «Amerikarrengana jo dugu, grebalarien eskarientzako erantzun bat behar dugulako», esplikatu du Akram Ayasak.

Marwan Barghouti presoa da protesten sustatzaileetako bat. Asteazkenean eraman zuten medikuengana, berriz espetxeratu baino lehen. Berak ere okupatzaileen kartzeletan bizi duten egoera salatzen du. Eta berarekin eta gainerako grebalariekin bat egiten dute milaka palestinarrek, era guztietako mobilizazioetan esku hartuta.

BDS boikotaren aldeko mugimenduak Israeli arma blokeoa ezartzea nahi du eta hori lortzeko kanpaina bat abiaraziko duela jakinarazi du.