Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kanpoan

Kanpoan utzi dute kartzelan ordenagailu laborategiaren ikuskaritza zeraman lankidea. Kartzela agintarien hizkuntzan, norbait kanpoan uzteak esan nahi du pertsona horrek ez duela eraikinean sartzeko baimenik. Kanpoan uzte hori behin-behineko –astebete ala hilabeteak iraun dezake aginduak– ala behin betiko kontua izan daiteke, gertaeraren larritasunaren arabera.

Kasu honetan, lankidearen huts egitea izan da kartzela barruko ikasleei Pythonen gaineko ezagutzan sakontzeko programa bat ematea. Programazio ingurukoek arrakasta handia dute ikasleen artean, kartzelatik ateratzekoan lanbidea topatzen lagunduko diela uste baitute. Erakundearen ustez, lankideak eramandako programa mehatxu bat da segurtasunari begira presoen artean zein presoen eta lankidea bezalako boluntarioen artean mezuak trukatzea ahalbidetzen duelako. Are gehiago, une honetan gertatzen ari diren iruzur eta espioitza kasuekin, presoak halako jardueretan trebatzearen aukera aipatu dute.

Jadanik mezu trukaketarik gertatu den edo aurrera begira gerta daitekeen ez dute frogatu, ezta hacker errusiarrei laguntza emateko aukera sor daitekeen ere. Berdin du. Zerbait edo norbait mehatxu bat dela esan eta nahikoa da zerbait edo norbait hori kanpoan uzteko. Paradoxikoki, presoen hezkuntza, intelektu zein lanerako gaitasun garapenarekin zerikusia duen ezerk mehatxu izateko ahalmena du beti. Akaso kriminalak zaintzapean dituztela pentsatzeak hobeto lo egiten laguntzen die, gobernu segurtasun agentziek denok zaintzen gaituzten bitartean.