Amaia U. LASAGABASTER
Entrevista
JOSE LUIS MENDILIBAR
EIBARKO ENTRENATZAILEA

«Fitxaketa onena dugun taldea mantentzea izango litzateke niretzat»

Hurrengo denboraldiko hainbat ñabardura zehaztu ondoren, oporrak hartuko ditu Jose Luis Mendilibarrek egun gutxi barru. Nota «bikaina» merezi duen ikasturtea bukatu berri, ikasle onek bezala ekingo dio udari, disfrutatzeko gogoz. Pilatu du, bai, horretarako arrazoirik. Hala ere, larregi ez duela deskonektatuko onartzen du, futbola bere bizimodua baita, hitzaren zentzu osoan.

Denboraldi-aurreko xehetasunak, hurrengo denboraldiko taldearen osaketa... Ikasturtea amaitu da baina Jose Luis Mendilibarrek ez du oraindik oporrik hartu. Eta ez zaio «larregi inporta, benetan disfrutatzen» baitu bere lanarekin. Are gehiago amaitu berri den denboraldia bezalako poztasunak eskaintzen dizkionean.

Hasieratik ezan zenuen talde ona eta orekatua osatu zenutela. Baina, hala ere, harritu al zaitu eman dizun erantzuna?

Ez dakit erantzuna hain ona izatea espero nuen, baina argi neukan talde bezala, pertsona talde bezala, oso talde ona zela. Azkenean, iaz taldea egiten duten jokalari guztiak geratu ziren gurekin eta aurten etorri direnak ere antzekoak dira: Ruben, Lejeune... Bigarren Mailatik datozen jokalariak izanagatik, oso baliotsuak dira; ez bakarrik partidetan ematen dutenagatik, baita aste barruan ematen dutenagatik ere. Oso talde on batekin egin dut lan.

Askok hor jarri dute arrakastaren gakoa, taldean. Asko jokatu dutenek, eta, batez ere, hainbeste jokatu ez dutenek, izandako portaeran.

Horrela da. Jokalariek jokatu nahi dute eta ez da erraza astero-astero partidak aulkitik ikustea, are gutxiago harmailatik. Baina denek eman dute euren onena eta, hori, azkenean, taldearen onerako da. Gainera, denboraldiko arlorik txarrena, edo arlo ia txar bakarra, lesioena izan da, eta horrek ere bere alde ona izan du: jokalari guztiek izan dute euren balioa demostratzeko aukera. Hala, talde osoak egin du ekarpena azkenean denboraldiari «bikain» nota jartzeko.

Zuk ere zerikusia izango zenuen nota horretan, ezta? Askoren ustez taldea kudeatzeko modua da zure dohain onena. Ados zaude?

Ez nuke hori esango. Gainera, zorteak ere eragin handia izaten du askotan: zer talde daukazun, emaitzak nola doazen... Ildo horretan, laguntza handia izan dut. Taldea benetan nolakoa den jakiteko, eta baita ni neu ere, une txarretako portaera ikusi beharko genuke. Zorionez, ez dugu horrelakorik izan.

Zein da, orduan, Mendilibarren «ukitua»? Zer da taldeari ematen diozuna?

Alde batetik, jokalariekin harreman ona edukitzea gustatzen zait. Hau da, esan beharrekoak aurpegira esaten dizkiet, baina jakinda beraien eta taldearen onerako esaten dizkiedala. Eta gero hemendik irten eta garagardo bat hartzera joan gaitezkeela. Baina, batez ere, saiatzen naiz jokalariak lanera gustura etor daitezen. Askotan igandeetan nire lagunekin nago eta esaten dute: «Bihar berriro lanera, aste osoa, puf!». Nik ez dut jokalariak horrela ikusterik nahi, hori entrenamenduetan eta partidetan islatuko baita. Nik nahi dut jokalariak gustura etortzea, gustura lan egitea. Entrenamendu erakargarriak egiten saiatzen naiz, ondo prestatuak, lan egiten ere disfruta dezaten.

Emaitza ona izaten ari da, dudarik ez. Eta horrek bi arrisku dakartza: jokalariak erakusleihoan jartzea eta arrakastara ohitzea.

Horrela da. Seinale ona da, eta, aldi berean, arrisku bat. Egia da edozein etor daitekeela, dirua ipini eta fitxatu. Baina egia da ere, nire ustetan behintzat, Eibar dagoeneko ez dela talde heldu berri hori, herri galdu bateko talde hori... Jokalariak gogotsu datoz eta hemen ere hazi eta arrakasta eduki dezaketela ikusten dute. Aurretik daudenak ere taldeak hazten jarraitzen duela ikusten dute. Eta Kontseiluak berak argi dauka zer garrantzitsua den jokalari onak mantentzea. Neuk ere beti esaten diet: niretzat fitxaketarik onena daukagun taldea mantentzea izango litzateke. 22 jokalarira heltzeko falta zaizkigun lauzpabost jokalariak ekarri, ahal baldin bada asmatuz, noski, baina, batez ere, daukagun taldea mantendu.

Arrakasta izatera ohitzeari dagokionez, bada, gauza onetara ohitzea normala da. Askotan, Eibartik nabil eta jendeak esaten dit: «Oso ondo, baina lasai, badakigu urte batean edo bestean jaitsiko garela...». Aldiz, une hori heltzen bada... Eta hel daiteke, azken finean 10-12 talde baikaude urtero-urtero hiru txartelerako. Oso talde gutxi daude hogei urtez jarraian Lehen Mailan mantentzeko gai izan direnak.

Azken bosturtekoan hazi besterik ez da egin Eibar. Atzerapauso bat, porrot bat, onartzeko kapaz ikusten dituzu kluba, zalegoa eta taldea bera?

Ez dakit nik inor inoiz ba ote dagoen prest horretarako. Zalantza beti dago hor. Jokalariek beraiek, eta guk geuk ere, galdera horiek dauzkagu buruan: datorren urtean zer? Gai izango al gara? Orain arte egin duguna hobetuko al dugu? Edo atzerapauso bat emango dugu? Auskalo. Faktore asko sartzen dira hor, eta asko zure lan eta ahaleginen gainetik daude: gainontzeko taldeek egiten dutena, zer fitxaketa egiten dituzten, ia zuk asmatzen duzun fitxaketekin, beti ezinbestekoa den zorte puntutxo hori... Behintzat gauza bat argi daukagu: badakigu zenbat lan egin behar den eta lan hori guztia egiteko prest gaudela demostratu dugu dagoeneko. Gainontzekoak abuztutik aurrera ikusiko ditugu, baina baikortasun pixka bat izateko eskubidea irabazi dugula uste dut, ez?