Ariane KAMIO
LITERATURIA

ISPILUEK INGURATU GAITUZTE, ETA EZ GARA OHARTU ERDIAN GERATU GAREN ARTEAN

BAI. BAZEN LIBURU AZOKA, BAZEN HAURREN TXOKOA, BAZIREN LAN BERRIEN AURKEZPENAK, BAZEN JENDEA, BAZIREN LAGUN ZAHARRAK, BERRIAK, ETA SEKULA ELKAR IKUSI EZ DUTENAK. BAZEN DENETARIK. ZERGATIK ENGAINATU. BAINA OHARTU, NAHI GABE ERE, ISPILU ARTEKO JOKO BATEAN HARRAPATUTA ZAITUZTELA.

Goiz samar iritsi naiz (larunbatez) Zarautzera. Oraindik ez da egitaraua abiatu. Argitaletxeetako editoreak mahaiak liburuz estaltzen hasiak dira ozta-ozta –lan istripurik ere izan da Susa alde horretan; gora bihotzak Gorka! Behatz horrek eutsiko dio eta!–. Eta asperdurak jota, buruari ematen hasi, eta... beno, denbora pasa bat bilatu behar Candy Crash delako joko informatikoan zaletuak ez garenontzat. Ihesbide bat minutu galduetan. Musika Plazaren erdian jarrita, zenbat ispiluk inguratzen gaituzte? Imanol Urbietaren izena daraman tipia da inguruan dagoen geruzarik opakoena. Nonahi ikus dezake edonork bere burua islatuta; badira banketxe pare bat, taberna aski ezagunak ere, arropa dendak... Eta zakurren ile apaindegi bat! Haien guztiek beirategiek islatzen dute aurrean dutena. Erdian dagoena. Harrapatuta zaude. Literaturian islatuta.

Izan ere, larunbat goiza da Bihotz Bakartien Klubean. Ispilu joko batean ez dira maiz ikusten sei emakumeren siluetak, areago haien hitzak, hotsak, ahotsak, izateak. Aurtengo Literaturiak izan lezake gordean duen itaun bat. Zergatik ez ispiluen arteko literatura bat, literatura kantatu bat, literatura kontatu bat. Betaurreko beltzen atzean ezkutatzen den emakume bat. Hartara, nork ikusiko du bere burua sunglass horien islan?

Ezinen orekan ibil daiteke egun literatura, edo oreka perfektuan. Nolanahi izan, areago doan oreka lortu baten domina, letren atzeko ispiluen pareko zirrikitu ezohikoetatik ikusia.

Lur heze usaina Bihotz Bakartien Klubean. Ispilu bat zain artean, kristal odolduak azalpeko argitan. Ispilu hauskor, isla hauskor, eremu zatigarri. Literaturaren orrialde bat baino ez lautada ireki batean. Eta diote: «Ez dakit, ez dakit erranen dudan, nolatan maite zaitudan». Neronek ezingo nuke erantzunik eman, zergatiarena diot, maitatuz gero horixe baitu Literaturiak, joan eta pasatzea, zer gertatuko edo itxaron, egon, lasai hartu, eta gozatu. Besterik gabe. Hori iradoki dute jaungoiko guztiak ukatzen dituzten emakumeek. Larrabetzutik etorritakoak, antza. Eta lezioka hasi dira. Kantuz, eta olerkiz. Eta musikaz, nola ez. Bost bizkar ahots bakarrean, ispilu begirale, bekatari, zigor, infernu, noranahi, gaurdaino.

Eta erritmo errimatuan doaz ondokoak. Ispilu grabitatuak. Nonahi zaudela ere, begirada voyeurrak. Han bada bat, harago bestea, gertuago hauxe eta zelako aldea. Segun non begiratzen diozun zeure buruari, segun nork begiratzen dion zeure buruari, isla bat edo bestea, ez da gauza bera, literaturak berak egin baitezake hausnar galdera: Zenbat gara? Zenbat dira? Hartu trasteak eta abiatu jira. Txalaparta, Susa, Erein, Pamiela, Elkar, izango da besterik tarte horretan. A! Bai! Autoekoizpenak! Etxean egindako perlarik politenak. Festa usaina du honek. Elkargunekoa. “Aupa hi! Aspaldiko! Ez al zinen berriz etorriko?”. Bermutarekin kontatuko dizut sekretua, zuk baituzu nahi dudan talentua. Kontuz! Argi ibili! Belarriak tente dituen jendea da ari. Lasai, ez dizut sekreturik ozen esango. Goazen komunera, lasaiago nago. Ispilua egin aurretik hamaika zati, soilik hiru hitz: Literaturia Zarautz 2017