Maite UBIRIA

ZITADELAKO KARRIKAN EGOITZA ZABALTZEKO LANARI EKIN DIO GARAZIKO GAZTETXEAK

Ilunatze elkarteak gaztetxearen funtzioa bete du azken urteotan. Egoitza finkorik ez izan arren, Donibane Garaziko gazteentzat hainbat ekitaldi antolatu ditu. Alta, duela lau hamarkada abiatutako ametsa bete nahian, lokal berria irekiko du gaztetxeak uda honetan.

Gaztetxearen aldeko mugimendua joan den mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen Nafarroa Behereko hiriburuaren eskualdean. Geroztik hainbat egoitza izan ditu gaztetxeak. Hasieran Garaziko erdialdean kokatu zen, Buztintze herrirat eraman arte. Horren ondotik, gazteek Ahatsa herrian gela bat alokatu zuten. Azken urteotan lokal finkorik gabe ibili dira, Ilunatze elkartearen bitartez gazte baxenabartarrei hainbat ekimen proposatuz.

Izan ere, lau hamarkada lehenago abiatu zen egitasmoa eta belaunaldi berrien gogoak uztartu nahian, urte berriari helburu zehatz batekin ekin zioten. Maialen Duguinek GARAri azaldu dioenez, «aski nekatuak ginen erakundeekin, gauzak ez zirelako aitzineratzen eta hor sortu zen nahikeria lokal bat eskuratzeko, jende guziei, herri elkarteei, eta bistan da gazteriari, zabalik den bilgune publikoa».

Donibane Garaziko Zitadela karrikan lokal bat hutsik zela ikusirik, eremu horretaz jabetzeko asmoa berehala agertu zen. «Orotara 32 metro koadroko lokala da, kalera begira dagoena, bi leiho zinez handiak dituena, eta horrek ondo irudikatzen du gure egitasmoa, zabaldura bat azaltzen duelako».

Lokalaren kokapenak, ezinbestean, gogoeta ekarri zuen. Done Jakue bidea zeharkatzen duen hirian, jarduera komertziala azkarra da Donibane Garaziko bihotzean.

«Turismoari lotuak diren komertzioak nagusitzen diren honetan, bertako jendearentzat lokal baten ukaitea inportantea iruditu zitzaigun», nabarmendu du Duguinek.

Ideiak borborka

Bigarren eztabaida lokalaren erosketak piztu zuen. Aitzinetik pentsatzen ez ba zuten ere, azkenean hori erabaki zen.

«Denbora luzea eman genuen horretaz eztabaidatzen, gure filosofia eremu libre bat eratzea baita, gazteek ostatuetatik eta kontsumo sareetatik at bestelako jarduerak egin ahal ditzaten, baina irtenbide guztiak azterturik, hobetsi genuen baldintzarik ezarri gabe kudeatu ahalko genuen lokala erosteak zabaltzen duen aukera, era horretan ondoko belaunaldien esku tresna eraginkorra ezarriz», laburbildu du gaztetxeko kideak.

Lokala hartzeko konpromisoa behin hartuta, gaur egun lanak egiten ari dira gazteak Zitadela karrikako lokal berrian, «egoitza horrek freskatze» bat behar zuelako, asmoa udan ateak zabaltzea baita.

«Data ez dugu oraindik zehaztu, baina besten karietara –abuztuaren 15ean– egitarau alternatiboa proposatuko dugu; beraz, denbora horretan Gaztetxea zabaltzea aukera polita izan liteke», aitortu du Duguinek.

Horren ostean, egoitza berria biziaraztea izanen da lehentasun nagusia. Ilusioak lagun, ideia borborka. «Aktibitate parrasta nahi genuke martxan jarri, esaterako bertso eskola bat, eta AEKren laguntzaz euskarazko mintzapraktika informalak antolatzea da gure nahikeria», azaldu du gazteak.

Hizkuntzaren inguruko jardueren osagarri, liburutegi zerbitzua antolatu nahi dute eta beste hainbat proiektu darabiltzate buruan. Hala nola, filmak nahi lituzkete programatu, baita kontzertu akustikoak ere.

Bestalde, gai ezberdinen gainean eztabaidak eta mahai-inguruak antolatu nahi dituzte. Gazteei zuzendutako jarduerekin batera, publiko zabalari keinu egin nahi diote.

Hartara, herriko artistei tokia egin nahi liekete, tailerrak eta erakusketak antolatuz. Bide batez, elkarteei zein norbanakoei, informatika, ikus-entzunezkoak edota jostungintza ardatz hartuta, tailerrak eskaintzea aurreikusten dute. Azkenik, haurrentzat prestaturiko jarduerak antolatzea da Duguinek aipatu duen beste egitasmoetako bat.

Bizi espazio bat

«Ideiak ez ditugu faltan; batzuek proposatzen dute enpleguaren gainean zerbait egitea, eta horretarako herriko taldeekin eta jendearekin elkarlanean aritu nahi genuke, erantzuna positiboa jaso baitugu», gaineratu du gaztetxeko kideak.

Duela lau hamarkada «balio abertzaleak eta euskalduntasuna garatzea xede» Gaztetxe mugimendua martxan jarri zuten «beteranoekin» mintzatzeko parada izan dutela azaldu du Duguinek, haien eskarmentua baliatu nahi dute-eta, ondoko gazte belaunaldien esku «proiektu sendo eta iraunkor bat ezartzea» dutelako helburu.

«Gure asmoa zein den azaltzeko eskatzen digutenean, guk erraten dugu bizi espazio bat nahi dugula sortu gazteekin eta gazteentzat». Xedea argia da, Zitadelako lokal horren leiho zabalak bezain gardena.

 

«Crowdfunding» kanpaina abian, 25.000 euro biltzeko

Zitadela karrikako lokala 60.000 euroan erosi dute gazteek. Dirutza horren erdia baino gehiago eskualdeko enpresa eta elkarteen laguntzaz ordaindu dute. Ekarpen horien bidez 35.000 euro bildu dituzte. Gainerakoa diruztatzeko mailegua hartu dute, eta ondoko bost urteotan hilabetero 400 euro ordaindu behar izanen diote bankuari.

Gaztetxeko kideez gain, beste 50 bat lagunek elkarteari hilabetean hamar euro ordaintzeko engaiamendua hartu dute. Izan ere, zorra ahal bezain azkarren kitatzeko beste ekimen bat jarri dute martxan. Hiru hilabete iraungo duen crowdfunding kanpaina abiarazi dute Helloasso plataforman (goo.gl/eW1LEr ) M.U.