GARA
BAIONA

EEPk eta Euskal Museoak euskara sustatzeko hitzarmena berretsi dute

2013an abiatu zuten elkarlanean aurrerapausoak emateko akordioa izenpetu zuten atzo, Baionan. Hitzarmen horren bidez, euskara harrera-hizkuntza gisa garatzeko konpromisoa hartu du museoak.

2016ko urte hondarrean Euskal Museoak Euskararen Erakunde Publikoarekin hiru urte lehenago harturiko konpromisoa berritzeko eskaera egin zuen.

Hitzarmen horrek, lehenik eta behin, Euskal Museoaren jarduera elebitasunerantz norabideratzea zuen xede; hala nola Euskal Museoaren irudian eta abarreko komunikazio tresnerian euskara txertatuz.

Ibilbide horretan pauso berriak ematea du xede hitzarmen berriak. Atzo, bi erakundeetako arduradunek, Mathieu Berge Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak eta Jean-Claude Larronde Baionako Euskal Museoko lehendakariak, hurrenez hurren, lau urteko iraupena duen konpromiso berria sinatu zuten.

Beren esanetan, hitzarmen berriak funtzio zehatza du, hain zuzen «euskarazko zerbitzu-eskaintza egituratzea».

Asmo horrekin, euskara harrera-hizkuntza gisa indartzeko bidean hainbat ardatz zehaztu ditu itunak. Alde batetik, museoko zerbitzu ezberdinetako langileen formazioa indartuko du Euskal Museoak, horien hizkuntza gaitasuna areagotzeko. Bestetik, dokumentu eta euskarri pedagogikoak frantsesez eta euskaraz garatuko ditu, bereziki bisitari gazteenak erakartzeko.

Iaz 61.275 lagun errezibitu zituen Euskal Museoak, horietatik 4.000 inguru, ikasleak. Bertze 1.400 haurrek egoitza kulturala ezagutzeko parada ukan zuten, eskolatik kanpoko jarduerei esker.

«Hiztun osoak helburu, haur eta gazteak lehentasun» izenburupean, euskararen erabilera garatzeko plana zehaztu zuen 2006ko abenduan EEPko administrazio kontseiluak, zeina Estatuak, Akitania eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Euskal Elkargoak osatzen duten.

Hamar urteren buruan egitasmoak, besteren artean, irakaskuntza elebiduna garatzea ahalbidetu duela nabarmendu du EEPk. Egitura honek zehaztu duenez, azken 10 ikasturteetan 55 ikastetxek hezkuntza elebiduna proposatu dute, eta horren ondorioz lehen mailako ikasleen %39 sare elebidunean ari dira egun, %45 ama eskolaren kasuan. Bestalde, haurtzaindegientzat LEHA ziurtagiria sortu du erakundeak.

Horrekin batera, «lurraldeko eragile nagusiak hizkuntza sustatzeko programari lotzeko» ahalegin berezia egin du EEPk.

Euskal Museoa eragile garrantzitsua izanik, 1929az geroztik Baionako Kortsarioen kaian egoitza duen kultur erakundearekin lankidetza sustatzeari balio handia ematen dio Euskararen Erakunde Publikoak. Atzoko ekitaldian bi erakundeetako ordezkariek adierazi zutenez, «engaiamendu honen bidez hizkuntza paisaian euskararen presentzia indartzeko botere publikoek eramaten dugun lanaren partaide bilakatu da Euskal Museoa».