Asier AIESTARAN
ARRAUNA - KAE-1 LIGA

Donostiarrak erakustaldia eman du itsasoko estreinaldian

Gipuzkoarrek denboraldiko bigarren garaipenaeskuratu dute Getariako uretan. Irabazi bakarrik ez,sekulako aldeak atera dituzte aurkari zuzenekiko:24 segundo Isuntzari eta 42 Santurtziri.

Donostiarrak asteburu bikaina osatu zuen atzo Getarian, hogei ordu eskasean bigarren garaipena ospatu eta KAE-1 Ligaren buruan bakar-bakarrik kokatzeko. Igor Makazagak prestatutako ontziak 35 puntu ditu orain, eta Santurtzik 33. Baina atzo, itsasoko aurreneko estropadan, garaipenak bezainbesteko aipamena merezi du aurkari zuzenekiko ateratako alde nabarmenak.

Horretan zerikusi handia izan zuen estropada eremuaren egoerak. Itsaso handirik egon ez arren, haize olatuek –berez jada nahiko konplexua izaten den eremu batean– ikaragarri zaildu zuten arraunlari eta patroien lana. Argi geratu zen hori aurreneko txandatik: Portugalete –hiru ziabogak benetan eskasak– eta Hondarribia B –bai patroia eta bai aurrekalaria larri ibili ziren– adibide nagusienak.

Eta hirugarren txandarako baldintzak dezente samurtu baziren ere, Donostiarrak itsasoan bikain moldatzen dela erakutsi zuen. Halaxe ikusi genuen orain dela hiru aste ere, Lekeitioko test estropadan TKE Ligako traineru onenen pare ibili zenean, eta atzo ederki aritu zen beste behin Getariako ur mugituetan.

Estropadari berari dagokionez, misterio gutxi. Ander Iriartek gidatutako “Bantxa” traineruak hasiera-hasieratik hartu zuen estropadaren burua, eta metroz metro sekulako zuloa irekitzen joan zen. Lekittarrak eutsi zion ondoen aurreneko luzean, eta Santurtzi aldiz berehala geratu zen atzean, Zumaia bezalaxe. Moreak saiatu ziren bigarren postura hurbiltzen, baina ez zuten lortu Isuntzari aurre hartzea eta azkenerako atzerapena nabarmena izan zen.

Santurtziren alde zerbait aipatzekotan, kale zozketa izan daiteke. “Sotera” lehen kaletik aritu zen, eta estropada osoa ikusita baliteke seguruenik kalerik txarrena horixe izatea. Aurreneko luzean kale horretatik arraun egin zuten ontzi guztiek asko sufritu zuten, eta azken luzean denek laugarren kalera sartzeko joera izan zuten. Alde horretatik, benetan aipagarria Zarautzek bigarren txandan emandako itxura aparta.

Zarautzen aurretik, ordea, bigarren txanda horretan azkarrena izan zen ontzia Deustuko “La Tomatera” izan zen. Jon Elortegik prestatzen duen kuadrillari kosta egin zaio aurreneko estropada hauetan bere maila erakustea, baina atzo lan ederra egin zuen hasi eta buka. Aurreneko txandan ikusitako akatsik egin gabe, Cristian Garma beteranoak zuzen-zuzen eraman zuen bizkaitarren ontzia, eta azkenean laugarren postua eskuratu zuen.

Eta aurreneko txandan, azkenik, Orio B izan zen denborarik onena ezarri zuena. Bezperan Portugaleten azkenak izan eta gero, bikain erreakzionatu zuten etxeko gazteek, zazpigarren posturaino igoz.