Jon LEUNDA
Sega

Etxaburuak eta Gabirondok aurreikuspen guztiak bete dituzte Gipuzkoako finalean

Beraiek ziren nesketan eta mutiletan txapela lortzeko faborito nagusiak,eta bietako inork ez du hutsik egin Zizurkilen jokatutako norgehiagokan.

Ez zen ezusterik izan Gipuzkoako azkartasuneko finalean, eta Gabirondo II.ak eta Etxaburuak jantzi zituzten txapelak. Zizurkilen jokatu zen finala, eta 150 ikusle inguru batu ziren neurketa zuzenean ikusteko asmoarekin.

Mutiletan zortzi lehiatu ziren, eta bi txanda izan zituzten. Aurrenekoan zortziak lehiatu ziren, 100 metro karratuko sail bana moztuz, eta, ondoren, lau onenek finala jokatu zuten, beste 100 metro karratuko sail bana moztuz.

Gabirondo II.a, Pardo, Irazustabarrena eta Argaia izan ziren finalera sailkatu ziren lau segalariak, eta lehen txandako denborak batu egiten zitzaizkien. Aurrenekoan ere onena Julen Gabirondo izan zen, eta baita bigarrengoan ere, eta txapela beretzat izan zen. 4 minutu eta 58 segundo behar izan zituen bere lan guztiak betetzeko.

Bigarren postuan Argaia sailkatu zen. Zizurkildarra etxean aritu zen, eta beretzat sega denboraldiko saio bakarra atzokoa zen, ez baita Almitza Elkarteak antolatzen duen txapelketan lehiatu, eta era tradizionalekoan ere ez baita parte hartzen ari. Lan oso ona egin zuen: 5 minutu eta 20 segundo behar izan zituen egin beharrekoak egiteko.

Podiuma Iban Pardok osatu zuen. Zestoarrak atzokoan lan oso ona egin zuen, eta 5 minutu eta 48 segundo behar izan zituen bereak bukatzeko. Finalean aritu zen laugarrena Irazustabarrena izan zen, eta honek 5 minutu eta 54 segundoan egin zituen bere lan guztiak. 

 

Neskak

Nesketan lau bakarrik lehiatu ziren, eta bi txanda jokatu behar izan zituzten, eta bakoitzean 50 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten. Alatzne Etxaburua zen garaipena lortzeko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin, berak jantzi baitzuen txapela. Bi txandatako denborak batu ostean, 3 minutu eta 24 segundo izan zen bere azkeneko denbora, horrekin txapela lortuz.

Alaitz Imazek lortu zuen bigarren postua. Bigarren postua eskuratu zuen pasa den astean amaitu zen Euskal Herriko Ligan, eta baita atzo Gipuzkoako Txapelketan ere. Bi txandatan izan zen bigarren, eta amaieran 3 minutu eta 45 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Ainara Otamendirentzat izan zen hirugarren postua, eta Irati Astondoak eskuratu zuen atzoko finalean laugarren postua.

Proba hauetan azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar izaten dira, ez baitu azkar ebakitzeak bakarrik balio, gero txukun ere ebaki behar izaten baita. Bestela, zigorrak gehitzen dira.