Idoia ERASO
BAION

Errobiko festibalaren aniztasun artistikoak izpirituak aberastuko ditu

Errobiko Festibalaren 22. edizioa bihartik igandera eginen da Itsasun. Estilo ezberdinen eta jatorri anitzetako jende eta kulturen mestizajea izanen da jaialdiaren ezaugarri nagusia. Iran, Senegal, Mazedonia, Kongoko eta beste hainbat tokitako artistak gonbidatu dituzte, Euskal Herriko artistez gain. Azken hauek hiru sorkuntza estreinatuko dituzte jaialdian zehar. Dantza, musika, ibilbide poetikoak, ikastaldiak... elkartuko dira programa eklektikoan.

«Kulturen irekierak ez du identitatea hiltzen, baina tradizioa berpizten» hitzekin azaldu zuen Beñat Achiary Errobiko Festibaleko zuzendari artistikoak, lau eguneko programazioa osatzeko oinarri gisa hartu duen filosofia. Horren isla da Euskal Herriko zein mundu osoko artisten hautaketa, baina bereziki lau egunetan zehar izanen den elkar ezagutza eta elkarlana.

«Hiru belaunaldi elkartuko dira, eta mundu osoko artistak. Guk gure bidaietan topatu ditugunak gonbidatu ditugu. Beraiekin eta beraien sorkuntzekin ere lan egiten dugu, zerbait ekartzen digutelako», baieztatu zuen Achiaryk.

Gauero deskubrimendu bat izanen da. Irango musika tradizionalak eta jazza elkartuko dituzten Benjamin Moussay eta Keyvan Chemiranik Ekialde Hurbileko oihartzuna ekarriko dute ostegunean. Ostiralean, Ablaye Cissoko & Ensemble Constantinople elkartuta Senegaldik Persiara arteko “Lorategi migratzaileak” aurkeztuko dituzte. Larunbatean, Koçani Orkestarrek festa giroa ekarriko du Lapurdira, Achiaryk «Balkanetako fanfarre tziganorik hoberena» hitzekin definitu zuenak.

Sorkuntzak

Munduko kulturen enbaxadoreekin batera, jaialdia aurkezteko Baionan egin zen prentsaurrekoan Euskal Herriko hainbat parte hartzailek beren ekarpenak azaldu zituzten. Besteren artean, euskal artistek hiru lan estreinatuko dituzte jaialdian zehar.

Mizel Theretek “Iguzkia agertzen da eki aldean...” estreinatuko du, Beñat Achiary eta Jesus Auredekin batera. Euskal pilota, eta bereziki zespa-puntaten inguruan, gogoetatzen den obra festibalaren irekieran aurkeztuko da. Theretek bigarren lan bat ere aurkeztuko du, txorien inguruan sortu duen trilogiaren azken obra, “Xorien ihesa”.

Christine Martineau eta Denise Laborderen “Banatu Bartok...” musika-sorkuntza ostegunean izanen da.

Bela Bartok musikari hungariarraren lanean oinarrituta egiten duten bigarren obra honek jaialdiaren filosofiarekin bat egiten du; izenburuko artistaren lanekin batera Afrika, Europa ekialde eta Asiako eraginak dituzten musikak lotu baitituzte.

Julen Achiary kantari eta perkusionistak Zuberoako basa ahaideetan oinarritutako obran parte hartzeko Bastien Fontanille, Nicolas Nageotte eta Jordi Cassagne gonbidatu ditu. “Haratago...” izenpean, kantu zaharren bertsioak eta sorkuntzak uztartzen dira.

Bere burua “etnologo poetiko” gisara definitzen duen Pascal Daudon margolaria ere bertan izanen da, bere lanak aurkezten. Sorkuntza prozesuan partekatzeak duen garrantziaren berri eman zuen artistak, eta duela zenbait urte Errobiko jaialdian izandako pasaiaren garrantzia azpimarratu zuen.

Emanaldiez gain trukea sustatzen duten hitzorduak ere antolatu dituzte. Horretan oinarrituta irekiera-solasaldian parte hartuko duen Juan Gorostidik bertara «elikatzera» hurbiltzen dela baieztatu zuen, «familia giroan parte hartzera». Theretek «erresistentzia jaialdi» bezala definitu zuen, non «formateatutako» produktuetatik ateratzeko parada baden.

 

Ikastaroetan ere atzerria gurera hurbiltzen duten eskaintzak izango dira Itsasun

Musika eta dantzaren inguruan lau ikastaldi antolatu ditu Ezkandrai elkarteak. Bereziena “Kongoko dantzaren udako unibertsitatea” da, non dantza, kantua eta perkusioak ikasten ahalko diren Chrysogone Diangouayaren eskutik, besteren artean.

Besteak hauek dira: ahotsa eta kantua David Goldsworthy eta Beñat Achiaryren eskutik; Dantza, gorputza eta paisaia Frank van de Venek emana eta Nafarroa Behereko dantzak Jacqueline Irigoyenekin. I. E.