Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Borroken artikulazioa jendarte fragmentazio garaietan

Zero gehiketaren eredua erabiltzen da sarri herri mugimendu eta instituzioen arteko harremanari erreparatzeko, baina aurtengo sanferminetan atzeman dugu, berriro ere, gobernu posizio batzuetara iristeak ez dituela derrigorrez herri mugimenduak ahuldu behar. Izan ere, aldaketaren aroko festa hauek aldarrikapen eta mobilizazioz jantzi dira, horietariko batzuetan instituzioen eta beste eragileen arteko artikulazioa oso emankorra izan delarik.

Ez ditut ukatuko ezker eraldatzaileak gobernuetara iristeak ekartzen ahal dituen kalteak. Ezagutzen ditugu eta oso aintzat hartzekoak dira. Baina ez dira ezinbestekoak, batzuek, eraldaketaren aukera zapuztu nahian eta beste batzuek, artikulazioaren kontrako jarreran gotorturik, hori sinetsarazi nahi badigute ere. Ez da bide erraza, kontraesanez jositakoa baizik, baina eraldaketarako bide bakarra da, ez baitago besterik.

Gure garaiko fragmentazioek inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu dute artikulazioa, hau da, borrokak eta aldarrikapenak uztartu eta bildutako indarrak estrategia partekatuen arabera eraginkor bilakatzea. Beste gauza bat da zein artikulazio eraiki behar diren, nola… Hor dago, ene ustetan, eztabaidaren funtsa, fragmentazioan esparruetan murgildurik nartzisismoa eta etsipena baitira irabazle bakarrak.

Gehiketa zeroaren logika gainditu beharko litzateke, hasteko. Instituzioetara iristeak ez ditu herri mugimenduak militanterik gabe utzi behar, ezta alderantziz ere, herri mugimenduetan eskarmentua duten pertsonak izaten baitira onenak instituzioak bestela kudeatzeko. Gauzak horrela, jende gehiagoren parte hartzea lortu behar da, baina nahiko kaltegarria izaten da mesfidantzaz so egitea borrokaren beste atal edo frontean dagoenari. Ilusioa piztu behar da, desira sustatu behar da, oztopo eta alferkeriak gainditzeko, sektarismo guziak baztertuta.

Jendarte fragmentatu gisa nahi gaituzte; etorkizunik nahi badugu, herri izan behar dugu.