Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zuria eta botilan!

Badira Bilboko metropolian egiten diren sona handiko goi-bilerak, tartean orain oso gutxi planetako munduak eskura nahi dituzten botere transnazional haiek egindakoa. Euren ordena munduotan ezarri nahian, lekuko gobernari askoren amenpean; hortaz, guztiz normala da han-hemen konklabean batzen direnean inguruko kaleetan desordenak sortzea. Zuria eta botilan! Esnea? Auskalokoa! Badira, izan ere, bestelako goi-bilerak, metropolia periferia hartu eta haren inguruan direnak. Holakoetan gobernari gutxi harrera ekitaldian, eta gorbatetan gutxiago. Desordenarik batere ez kalean, akaso kezka transnazionalen moketetan. Zuria eta botilan! Bai, esne-behiek emandakoaz nago, Esne Bideaz. Nekazarien bideaz. Via Campesinaren egunotako nazioarteko bilkura gogoan. Mundu zabaletako lekuan lekuko ustiaketa txikiek inguru latzean bidezko bidean irautea helburu! Behar besteko eta behar bezalako elikagaiak han-hemen eta bertatik bertara eskaintzea helbide! Ama, ama, zer garrantzitsua den etiketak ondo irakurtzen ikastea!

Giza jarduerak barne produktu gordinaren anorexiatik baino begiratzen ez dituztenek ez dute inoiz ulertuko elikagaien lurzoru etikoa; are gutxiago elikadura burujabetza. Besteok bai, ostera. Badakigu elikagaiok pertsonak elikatzen dituztela han-hemen, eta pertsonok prozesu sozial osasuntsuak, han-hemen ere. Barne produktu gordin horrek sekula ulertuko ez duena, sekula hori santa bada ere. Etiketetan arropakoa interesatzen zaio gehiago, esne-behiaren esnearena baino.

Bitartean, metropolitik, industria ondo doala esango digute, estatistikak eskuan. Industria 4.0. Aldi berean, ehunka langile kale gorriaren atarian dira, kalbario moduko Via Crucis batean. Industria 0.4. Estatistikak datu hotzak baino ez diren seinale, berez lurzoru etikorik ez duten tauletan. Bai, Via guztiak ez dira modu berean Bide. Esne guztiak ere ez dira onak.