Haritz LARRAÑAGA
SOPELA
SURFING

Neis Lartigue eta Leo-Paul Etienne txapeldun Sopelan

Atzo amaitu zen Sopelan urtero egiten den Europako Junior Surf Txapelketa. Olatu ederrak izan dituzte asteburuan, metro eta bi metro artekoak. Baldintzak zailak izan arren, 18 urtetik beherako surflariak bikain aritu dira. Nesken kategorian Neis Lartigue biarriztarra nagusitu da, eta, mutilenean, Leo-Paul Etienne tahitiarra.

Sopelakoa, Junior kategoriako zirkuitua europarra osatzen duten lau txapelketetatik azkena zen. Horrenbestez, erabakigarria zen titulua nork eramango zuen bertan jakingo baitzen. Sopelako probaren ostean, nesken kasuan, Teresa Bonvalot portugaldarra gailendu da 2017ko nesken junior zirkuituan. Mutilen kategorian, ostera, Kauli Vaast tahitiarrak, Sopelan lortutako bigarren postuari esker, Europako txapela irabazteko behar zituen puntuak eskuratu zituen. Hortaz, txapelketa ez irabazi arren, pozarren zen tahitiarra.

Kolonia frantsesak nagusi

Nesken kasuan, aberri desberdinetako lehiakide aunitz ikus zitezkeen azken txandetan. Mutilen kasuan, aldiz, txapelketa osoan zehar nabarmena izan zen frantses nagusitasuna. Adibide bat jartzearren, final laurdenetara iritsi ziren zortzi lehiakideetatik zazpik Frantzia ordezkatzen zuten. Zortzigarrena portugaldarra zen. Esan beharra dago, hori bai, Frantzia ordezkatuz aritutako lehiakideen artean emaitza onenak lortu zituzten surflari gehienak kolonia frantsesetako surflariak direla, hala nola, Tahiti edo Guadalupe uharteetakoak.

Turnes vs Lartigue

Tentsio handia izan zen nesken finalean. Ellie Turner britainiarra irabazteko amorratzen zegoen, dagoeneko bi bider bigarren postuan geratua baitzen aurtengo zirkuituko txapelketetan. Gainera, Sopelako txapelketa irabaziz gero Europako titulua ere berea izango zen.

Ez zen horrela izan, ordea: Neis Lartigue biarriztarrak ezin hobeto kudeatu zuen finala, olatu aukeraketa zorrotza egin eta olatu bakoitzari ahalik eta etekin gehien ateraz.

Lartiguek 13 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta Turnerrek, berriz, 12,83 puntu. Ondorioz, zirkuituko lau txapelketetatik hirutan bigarren postua lortu du britainiarrak. Aitzitik, azkenean Europako rankingean ere bigarren postuan geratu da.

Etienne vs Vaast

Mutilen finalean Leo-Paul Etienne eta Kauli Vaast aritu ziren buruz buru. Lehena Guadalupe uharteetako surflaria da, bigarrena, berriz, Tahitikoa. Finalera apur bat akituak iritsi arren, sekulako sasoia erakutsi zuten bi surflariek eta ikuskizun ederra eskaini zuten.

Mutilen finalean ere ez zen alde handirik egon bi surflariek bildutako puntuen artean. Etiennek 16,76 puntu egin zituen, eta, Vaastek, 15,37. Nahiko puntuazio altuak dira, surflariek erakutsitako mailaren adierazle ezin hobeak.

Etiennek Sopelako txapela jantzi zuen eta Vaastek Europakoa. 15 urte baino ez dituen Vaastek itsasoratu aitzin oso urduri zegoela aitortu zuen, baina lehen olatuaren ostean lasaitu egin zen. «Orain Munduko Junior Txapelketarako entrenatu behar dut», adierazi zuen Europako txapeldunak.