GARA
BILBO

Ekonomisten ustez, administrazioek ez dituzte bikoizketak ezabatu

Ekonomisten %55ek baino gehiagok diote administrazio publikoek ez dutela modu egokian doitu euren gastuaren maila, ez dituztelako bikoizketak ekidin. Kontrakoa uste dute, aldiz, %14,2k, 2017ko ekaineko Ekonometroaren emaitzen arabera.

Krisiaren hasieratik hamar urte igaro ostean, administrazio publikoek ez dituzte bikoizketak ezabatu. Iritzi hori dute EAEko 510 ekonomialarik, Ekonomisten Euskal Elkargoko ordezkari Mercedes Vallejok eta Joseba Barandiaranek atzo argitara emandako Ekonometroaren datuen arabera.

Ekonomisten gehiengoak, zehazki, %74,4k, uste du ez dela beharrezkoa zergak igotzea, baina %10ek diote zergen igoera ezinbestekoa dela. Era berean, %11k uste dute Estatu espainoleko sistema finantzarioa onbideratuta dagoela eta kaudimenduna dela. %36 ez daude guztiz ados baieztapen horrekin; eta, %26, guztiz desados agertu dira.

%60k baino gehiagok deritzote ez direla politika egokiak ezarri enpresa sorkuntzarako; eta %47,4k etxebizitza erostea nahiago dute alokatzea bainoago, baita krisia igaro ostean ere.

Bestalde, ekonomistek beren-beregi adierazi dute —%95ek— euren ustez Kontzertu Ekonomikoaren inguruan estatu espainoleko biztanleek duten jakintza eskasa dela. EAEko biztanleriari buruz iritzi hori dute ekonomialarien %64,4k.

Optimistak

Ikuspegi optimista erakutsi dute profesionalek ekonomiaren susperraldiari dagokionez: %97k uste dute egoera ekonomikoa ez dela aldatu —%31,1— edo hobera egin duela —%66,7—; eta ehuneko 2,6k deritzote okerrera egin duela. Datu positiboak dira, 2016ko abenduko Ekonometroaren datuekin alderatuz —%11k adierazi zuten egoera ekonomikoak okerrera egin zuela—.

Bestalde, gehiengoak —%73k— uste du langabeziak zertxobait behera egingo duela; eta %5ek hoberako aldaketa garrantzitsuak iragarri dituzte.

Brexitak Euskal Herrian izango duen eraginari dagokionez, ekonomialarien gehiengoak ez du ondorio lazgarririk aurreikusten: %52,7k uste dute nahiko kaltegarria izango dela; %27ren ustez hemengo ekonomia gutxi kaltetuko du edo ezer ez; eta %20,3k iritzi diote ondorio lazgarriak eragin ditzakeela.

Norberaren egoeraren pertzepzioari begira, gehienek ez du aldaketarik sumatu; %27k esan dute beren egoerak hobera egin duela eta ehuneko 8,7k baino ez dute kontrakoa adierazi.