Maddi TXINTXURRETA

ESS BILBAO-REN ETORKIZUNA, MADRILEK ETA LAKUAK BALDINTZATUTA

ESS Bilbaoren etorkizuna kolokan dago. Langileek salatu dute Madrileko eta Lakuako gobernuak ez direla ESS Bilbao kontuan hartzen ari Suediako espalazio zentroaren proiektuan jarduteko, eta 2019an euren lan karga bukatuko den beldur dira.

ESS Bilbao teknologia neutronikoen alorreko zentroa 2010. urtean hasi zen Suediako Lung hirian eraikiko den ERIC ESS Europako Espalazio bidezko Neutroi Iturriaren proiektuan lanean, besteak beste, partikula-azeleragailuarentzako piezen fabrikazioan. Urte hartan, Espainiako eta Lakuako gobernuak –hurrenez hurren, PSOEren eta PSEren gobernuekin– akordio batera iritsi ziren, eta adostu zuten Zamudion egoitza duen zentroa 180 milioi eurorekin finantzatuko zutela, gobernu bakoitzak 90 milioi jarrita, eta 2022ra arte urteroko aurrekontua ezarri zuten. Horri esker, ESS Bilbaok %10eko partaidetza izango luke espalazio zentro europarrean, eta 2022. urtera arteko lan karga. Alta, gauzak asko aldatu dira hasierako planteamenduaz geroztik. 2013an zuzendaritza berria osatu zuten ESS Bilbaon, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua izendatuta zuzendaritza kontseiluko buru, eta kontseilukide izendatuta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Madrileko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako estatu idazkari den Carmen Vela.

Handik urtebetera, PPko eta EAJko gobernuek hasieran hitzartutakoa erdira murriztu zuten –bakoitzak 45 milioi–, eta Suediako enpresan partaidetza %5era jaitsi. Era berean, finantziazioaren epea 2025era arte luzatu zuten, orduantxe aurreikusten baita bukatuko dela enpresa europarrarekin adostutako proiektuaren lehen fasea.

Aurten, Lakuako Gobernuak erdira murriztu du berriro ere bere ekarpena: uztailaren 21ean prentsaurreko bidez azaldu zutenez, Gobernu espainolak 42 milioi euro inguru jarriko ditu, eta Lakuak, 22. Zenbateko horretan sartzen da Madrilek aurrekontuetan 2017rako iragarritako 18 milioiko kreditua, baina oraindik ez da berretsi. Horrela, 64 milioirekin, ESS Bilbaok %3ko partaidetza izango luke ESS Lunden, baina hori ere berresteko dago, eta, ondorioz, Estatu espainola ez da oraindik eskubide osoko kide Suediako zentroan.

Cristina Uriartek azaldu zuen doikuntza bat izan dela, ekarpen «errealistago» bat egiteko, eta ESS Bilbaori bideratuko ez dizkion gainerako 22 milioiak «neutroietan espezializatutako programa zientifiko-teknologikoetan» erabiliko dituela Lakuak, lehentasuntzat jotzen baitu «Euskadiko arlo zientifiko, teknologiko eta industrialera bideratzea zientzia eta teknologiaren garapena, batez ere neutronika eta partikula-azeleragailuaren arloan». Era berean, Uriartek ezinbestekotzat jo zuen espalazio enpresak EHUrekin harremana izatea, hori izan baitzen hasieratik ESS Bilbao finantzatzeko baldintzetako bat.

Etorkizuna ezbaian

EAEko eta Estatu espainoleko teknologia eta ikerketa proiektu garrantzitsuenetako bat zirudienak, egun, lausotuta ikusten du bere etorkizuna. «2012tik 2017ra ez digute dirurik eman [Lakuako eta Espainiako gobernuek]», dio Aitor Zugazaga enpresa batzordeko kideak. Horregatik, premiazkoa dute 18 milioiko kreditua «ahal bezain laster» jasotzea, baina Madril eta Gasteiz oraindik ez dira ados jarri. «Lakuak dio kreditua eman aurretik eskubide osoko kide izan behar duela Lundeko espalazio zentro berrian; eta Estatuak Lakuari eskatzen dio hurrengo urteetarako aurrekontuen egutegi bat osatzea lehenik», azaldu du Zugazagak.

Zamudioko Teknologia Neutronikoen Zentroak 40 milioi euroan zenbatetsitako lan-poltsak adostu ditu ERICekin, baina 18 milioiko kreditua jaso ezean, Zugazagak dio ez dutela dirurik izango piezak Suediara bidaltzeko. «Abendurako ez badigute diru hori ematen, nik uste urtarril inguruan ez dugula izango soldatak ordaintzeko adina», ohartarazi du Zugazagak.

Finantziazioaren etengabeko murrizketa horiek direla-eta arduratuta agertu da enpresa batzordeko kidea: «22 milioiko murrizketen erruz proiektu gutxiago egiteko gaitasuna izango dugu, baina, gainera, adostu ditugun proiektu gehienek 2019 edo 2020rako epea daukate, eta oraingoz ez daukagu lan kargarik 2025erako». 2022rako proiektu bakarra daukate, Miracles proiektua. Horregatik, Zugazagak dio ESS Bilbaoko plantilla osatzen duten 61 langileek ez dakitela zer gertatuko den 2020tik aurrera: «Nahiko urduri gaude. Orain arte esan digute 2025era arte izango genuela lana, baina [uztailaren 26eko] prentsaurrekoan ez da hori esaten, epe horrek erreferentzia egiten dio Suediara piezak bidaltzeko epemugari, ez beste ezeri».

Zugazagak salatu du Lakuako Gobernuak esku artean duela «ESS Bilbaoren antzeko proiektu bat», azkenengo aurrekontuetan neutroien espalazioari bideratutako 3 milioi eta erdiko partida bat agertzen delako, baina ez duela «ESS Bilbao kontuan hartuko» espalazio lanetarako. Langileek susmoa daukate Lakuak jada hitz egin duela «unibertsitatearekin edo beste enpresa batzuekin».

Bestalde, ESS Bilbao EHUrekin eta Euskal Herriko beste enpresa batzuekin harremanetan egoteari buruz, Zugazagak esan du euren proiektua «oso lotuta» egon beharko litzatekeela unibertsitatearekin, eta orain arte «nahiko bananduta» egon direla. Hortaz, harremanak hobetzearen alde agertu da, baina hori lortzea Cristina Uriarteren eginkizuna dela nabarmendu du: «Cristina Uriarteren esku dago gure proiektua EHUrekin bateratzea. Bera da enpresako kargu gorena eta baita Hezkuntza sailburua ere».

«Nire ustez, orain dauzkagun lanak amaitu eta Suediara bidaltzen ditugunean, proiektua amaitu egingo da. Gainera, hemengo langile askok proiektua amaitu arteko kontratua daukate. Soluzioa ez da agian 22 milioi horiek guri bideratzea, baina bai gure ere kontuan hartzea proiektu berriak egiteko», gaineratu du Aitor Zugazagak.