Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Metodo gehiegi zorakerian

Shakespearek Hamleti buruz Poloniori esanarazi zion hartaz («Zorakeria izango da, bai, baina badu horrek metodoa oraindik») oroitu dira, zeharka bederen, hamaika aurtengo abuztuko hitz-guduan. Alegia, Ipar Korearen eta Trumpen artekoan. Beste batzuek, protagonista nagusien erreferentzia kulturalak aintzat hartuz, nahiago izan dute “Fire and Fury” aspaldiko bideo-jokoa, edo Molly Hatchet bandaren lanak (“Flirtin' with Disaster”; “Locked and Loaded”) gogora ekartzea.

Alde batetik zein bestetik zoramen horretan metodoa erruz dagoela begien bistakoa da. Adibidez, ez da batere kasualitatezkoa Ipar Koreak lau misil Guam aldera botatzeko gaztigua egin izana. Zergatik lau? Hori delako, itxura guztien arabera, edo behintzat iparkorearren ustetan, Thaad defentsa-sistema saturatzeko beharko litzatekeena. Eta zergatik Guamera, eta ez askoz hurbilago dagoen Okinawara, edo...? Ez delako berdin, inondik ere, ondorioei dagokienez. Ondorioetan baitago gakoa.

Eta ondorioen ikuspuntutik ez da berdin, noski, «eraso prebentiboak» Twitterren egitea edo Ipar Korean egitea. Are gutxiago da gauza bera erasoa egitea edo erasoari erantzutea.

Arazoaren katramila da hainbeste metodo eta kalkuluren artean guzti-guztiak ote dauden zuzen eginak, eta funtzionatuko ote duten egileak espero bezalaxe. Batez ere, jokoa ez delako moko-apustua egiten ari diren bi horien artekoa soilik.

Ikus-entzule zentzatuak apenas ulertuko du ezer jokoaren giltza-hitza esaten ez bazaio: Panmunjon. Aipatu ere egiten ez den hitza da... baina joko-arauak aldarazten dituena. Koreako penintsulan eraso militarra egiten duenak 1953ko armistizioa hautsiko luke, ezbairik gabe. Eta AEBetako jeneralen kezka nagusia omen dena («Korean gerra hasiz gero, Txina sartu egingo da; zeinen alde egingo duen batek daki») argituko litzateke. Seguru erasotzailearen alde ezetz.

Hori gertatzen ez den bitartean, Beidaihen jarrai dezake Xi Jinpingek.