Maite UBIRIA

ITSASOA GOTORLEKU DUEN HISTORIAREN HARRABOTSA ENTZUN DA EGUNOTAN ZOKOAN

Zokoko gotorlekuak historia oparoa gordetzen badu ere, Bigarren Mundu Gerran Lapurdiko kostak pairatutako Armada naziaren okupazioaren aztarnak itsasoak berak azaleratu ditu oraingoan. Agertutako 11 obusek iraganari begiratzeko aitzakia eman digute.

Normaltasunera itzuli ziren atzo Ziburuko Zokoa auzoko gotorlekua eta bere ondoko hondartza ttipia. Biak ala biak itxi behar izan zituzten astelehen arratsaldean, kaserna militarra izandako eraikinaren inguruetan Bigarren Mundu Gerrako 11 obus azaldu ondoren. Frantziako koroa Henri IV.a izenarekin hartu zuen Enrike III.a nafar erregearen garaikoa da gotorlekua altxatzeko lehen egitasmoa; xedea Donibane Lohizuneko herria babestea zen. Gerora, “Gaztelako gotorlekua” izena eman zioten erresuma horietako militarrek, 1636an, Kantauri itsasotik Bizkaiko golkora begirada zabaltzeko kokaleku ezin hobea eskaintzen duen itsas kaia okupatu zutenean. “Zokoko gotorlekua” gisa birbatailatu zuten eraikina frantziar soldaduek, 1686an Vauban ingeniari militar famatuaren esku utzi zutenean kaserna militarra atontzeko lanak.

Erresuma zaharren arteko lehiak alde batera utzita, Zokoko gotorlekua beste garai historiko oso ezberdin bateko kontuak harrabots handiz azaldu direlako izan da albiste egunotan. Atlantikoko Harresia eraiki zuten Bigarren Mundu Gerran agintari militar alemanek Normandian gertatu zen lehorreratze aliatua ekidin nahian. 1942az geroztik kalibre handiko armen eta soldaduen aterpe bihurtu ziren hamaika blockhaus ezarri zituzten, Norvegia eta Gibraltar artean lerro defentsibo hertsia sortuz. Lapurdiko itsasertzean plantatu zituzten betoizko ezkutalekuak leherrarazi egin zituzten alemanek 1944an alde egin zutenean, eta, horrekin batera, obus anitz itsasora bota zituzten.

Urteak joan urteak etorri, tarteka itsas korronteek iragan mingarriaren aztarnak lehorrerantz ekarri dituzte. Guy Lalanne Jakintza elkarteko lehendakariak oroitarazi duenez, «itsasoa Zokoko morruaren edota Donibane Lohizuneko artaren inguruan ezarritako betoizko bloke pisuak altxatzeko gai denean, zergatik ez ditu mugiaraziko, bada, askoz arinagoak diren obus horiek?». Egunotan itsasaldi gogorrak izan dira Ziburu aldera, eta horrek Armada naziaren arrastoak hurbilarazten lagundu du antza.

 

Karga arriskutsua

Itsasoan hamarkada luzez izan arren, obus horiek aski baldintza onean azaleratzen dira. Horregatik, obus bat agertzen den bakoitzean eremua hesitzeko agindua jasotzen du Herriko Etxeak. Lehergailuak indargabetzeko talde bereziek, atzo egin zuten bezala, itsas zabalera eramaten dituzte obusak, kilometro bat inguruko distantziara, eta bertan, ur azpian, kontrolpean leherrarazten dituzte. Beste batzuetan, aldiz, obusak hartu eta Landetako eremu militar batera eramaten dituzte.

Herriko Etxeak ez du baztertzen etorkizunean obus gehiago agertzea. Hori dela eta, gotorlekua eta hondartza irekitzearekin batera, bainulariei, bereziki urpekariei, obusak ikusiz gero tentuz jokatzeko eskatu die. Hala, abisua eman aitzin argazkiak ateratzea posible bada ere, obusak ez ukitzeko, are gutxiago bultzatzeko, eskatu du.

Bigarren Mundu Gerraren garaian, hori bai, Lapurdiko kosta zelatatzen zuten militarren kezka bakarra ez zen Atlantikoko zerumugan irudikatzen zuten arerioaren etorrera. Kontrabando eta erresistentziako sareek usu baliatzen zituzten Urruña eta Hendaia arteko bide ezkutuak, eta haien joan-jinak oztopatzea obsesioa bilakatu zen nazientzat.

Zokoan atzemandako 11 obusek zalapartaz oroitarazi digute naziek Bigarren Mundu Gerran Lapurdin izandako presentzia. Hori bai, garai horiek bestelako protagonistak ere izan zituztenez, oroitaraz ditzagun baita itsasertzeko bideak sigi-saga egin zituzten Comete sareko mugalariak. Besterik ez bada, Frantxia Usandizaga, Florentino Goikoetxea, Bernardo Aracama, Juan Larburu, Kattalin Agirre eta beste askoren konpromiso isila obus jaurtitzaileek behingoz Euskal Herritik alde egin zezaten ezinbestekoa izan zelako.