GARA
DACCA

Bangladeshek rohingyei aterpe ematea debekatu die herritarrei

Bangladeshtarrek ezingo dituzte Myanmarretik datozen rohingyak etxean hartu edo horiei etxeak alokatu. Etnia horretako 400.000 lagunetik gora joan dira ihesi, abuztuaren amaieran beren aurkako gatazka hasi zenetik. Beste milaka muga igarotzeko zain daude.

Bangladeshko gobernuak debekua ezarri zien atzo herritarrei, euren etxeak rohingyei aloka ez diezazkieten edo euren etxeetan pertsona hauek har ez ditzaten. Horiek Cox’s Bazar inguruko kanpaleku batean gelditzeko baimena besterik ez dute. «Ezin dira ezagun edo senideen etxeetan babestu, kanpalekutik kanpo bada. Kanpaleku zehatz batean geldituko dira etxera itzuli bitartean», zabaldu zuen Bangladesheko Poliziak.

Abuztuaren 25ean Myanmarren komunitate musulman honen kontra hasi zen bortizkeria oldea dela-eta, ihesi atera behar izan dute milaka pertsonak. Babes eske joan ziren Bangladeshera, baina bertan ere euren mugimenduak mugatuko dituzte. «Ezin izango dute kanpalekutik kanpoko beste eremu batzuetan ibili. Ezingo dute errepide, tren edo itsaso bidez bidaiatu», argitu zuten. Gidariek ere rohingyak garraiatzeko debekua dute, eta agindu hauek betetzen ez direla ikusiz gero abisua emateko eskatu diete biztanleei.

Txaluparen zain

Gero eta gehiago dira Myanmarretik ihes egiten ari direnak. NBEk adierazi zuenez, 409.000 dira Myanmarretik alde egin duten rohingyak. Txosten berean hiru pertsonaren heriotzaren berri eman zuten. Myanmarreko gatazkan beste 400 pertsona inguru hil ziren.

Izan ere, Bangladesheko gobernuak komunitatearen mugimenduak murrizten dituen bitartean, Myanmarreko armadak lurraldetik irtetea eragozten die. Egun, milaka pertsona Naf ibaiaren inguruan daude ondoko herrialdera pasatzeko zain.

«Txalupa gutxi daude eta Myanmarreko armadak ez digu beste aldera ailegatzen uzten. Gauez edo goizaldean atera behar dugu», adierazi zuen eguna argitu orduko familiarekin batera ibaia gurutzatzea lortu zuen rohingya batek. «10.000-12.000 pertsona daude txalupan noiz pasatuko zain», esan zuen txalupa berean heldu zen 25 urteko Shaha Janek.

Azken honek ume bat zekarren besoetan, gatazka honen aurpegirik ilunenaren adibide. Izan ere, Unicefek argitu zuenez, ihes egindako pertsonen %60 –230.000– adin txikikoak dira. «Goseak amorratzen, leher eginda eta trauma psikologikoarekin iristen dira», esan zuen Unicefeko haurren atalaren bozeramaileak. Kalkuluen arabera, milioi laurden bat haur daude bertan. 14 egunetan atsedenik gabe ibili ostean, «gehienak biluzik daude, shock egoeran eta laguntza premia dute», azpimarratu zuen.