GARA
BAIONA

Meauxeko espetxetik aske atera ondoren, Arrasatera itzuli da Kepa Arkauz

Ostegun gauean libre atera zen Paris inguruko Meauxeko espetxetik Kepa Arkauz arrasatearra. 2013ko maiatzean atzeman zuten Blois hirian. Lau urte eta erdi espetxean eman ondoren, joan den irailaren 6an eta 7an auzipetu zuten Pariseko Dei Auzitegian, baita frantses poliziak hiru hiritan burutu zuen ETAren «logistika aparatuaren» aurkako operazio horretan atxilotu zituzten beste bost euskal herritar ere. Zazpina urteko kartzela zigorra jaso zuten Raul Adunak eta Julen Mendizabalek. Andoni Goikoetxeak, Igor Uriartek, Ekhiñe Eizagirrek eta Arkauzek berak, ordea, seina urteko kondena jaso zuten. Miren Illarreta abokatuak auzian salatu zuenez sei euskal herritarrek epaiketa egin aitzin lau urte luze igaro zuten preso.

Epaia plazaratu ondoren, Arkauzen zigorraren behin betiko iraupena zehazte aldera erredentzioen zenbaketari ekin zion justizia frantsesak. Ondorioz, «iragan apirilaz geroztik behar zuela aske izan ohartu» eta berehalako askatasuna agindu zuen. Era berean, Estatu frantsesetik kanporatzeko tramitea gauzatu arte Arkauz 93. departamenduan asignatzeko agindua eman zuen halaber jujeak. Atzo, abokatuak Seine-Saint-Denisen bizitzeko deliberoa bertan behera uzteko galdegin zion jujeari, Arkauz dagoeneko bere sorterrira itzulia zela jakinaraziz.