Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Umemoko patetikoa

Gure aita eta ama gu helduak ginela banandu ziren. Uler genezakeen bikote-harremanetan gauzak puskatu egiten direla eta, gehienetan, ez dutela izaten atzera bueltarik, gauza ginen haien larruan jarrita beren beharrak eta desirak irudikatzeko, eta beren erabakiak errespetatzeko. Hala ere, niri neuri izugarri eragin zidan banaketak: gure betiko familia desegin egin zen, eta senide bakoitzarekin tratua aldatu egin zen, buruz burukoagoa eta, maiz, hirukoiztu beharragatik nekezagoa bilakatuta. Ez dira izaten samurrak betidanik ezagun izan ditugun kontuen aldaketak. Baina heldua nintzen, eta halaxe jokatu nahi nuen, ez umemoko apetatsu, txantaiazale emozional eta diktadore bat bezala; hortaz, ahal bezala onartu eta eraman nuen nire betiko familiaren amaiera. Harrezkero, guztiok elkarrenganako begiruneari eutsita, ikasi dugu, moldatu gara eta inork ez du inor galdu, ia dena desberdina izan arren. Ez dakit zergatik izan behar duen horren diferentea subjektuak herrialdeak direnean, guk geuk osaturiko herrialdeak.

Drama, neurrian, horixe da gakoa. Hura sorrarazi, hazarazi eta surrealismora eraman barik, halaxe ikasi beharko genuke helduok (heldu zentzudunak izango bagara, bederen), lehenik eta behin, eta gero ondorengoei erakutsi bizitzako aldaketak pairatzen, edo gozatzen, ezin jakin-eta hoberako edo txarrerako izango diren; nola baliatzen ditugun, gehienetan. Halaxe ikasi, eta halaxe ahalbidetu behar dugu. Are gehiago munduko estatuek, gugandik erabat aparteko hezur-haragirik gabeko halako izaki ahalguztidunak, kontraesan ezinezkoak, ematen duten horiek, baina ez direnak (izan dezagun argi beti). Herritarroi han-hemenka zer erabaki dezakegun eta zer ez agintzen ari zaizkigun horiek, betiere Legea ahotan, eta legeetan santuena dutena gogoan: ustezko familia-unitatearen batasunari eustea, zatiketa oro saihestuz, «seme-alaben» burujabetzarako bidea lehertuz, haien ametsak irrigarri utziz –kutsatuko eta ugalduko diren izuak jota–, mota orotako desgraziak marraztuz… Familiako gurasorik maltzur eta herratsuena bezala, bortizkeria azken muturreraino eramanez, eta, finean, heldutasuna eta zentzutasuna ez beste guztia erakutsita, estatu demokratikoaren (baita gutxienekoaren ere) gezurra, azkenean, mundu osoaren begien bistan jarrita. Ez dezatela pentsa, inondik inora, ez denik ari garbi geratzen zer-nolako umemoko diktadore eta patetikoa den Espainiako Gobernua, dibortzio-auzi bateko aldea izanik hitz egiteko gai ere ez dena.