Ion TELLERIA
CERDANYOLA DEL VALLeS

Alkateak Fiskaltzan, baita dekretua sinatu ez zutenetako batzuk ere

Laura Campos alkatea (Catalunya en Comu) atzo izan zen Cerdanyolako auzitegian, urriaren 1eko erreferendumean laguntzeko konpromisoa hartu zuelako bere Udalak. Berak ez zuen sinatu dekretua, baina gainerako alkateen jarrerarekin bat egin eta ez zuen deklaratu. Bere «betebeharra, alkate gisa, herritarrek euren iritzia libreki ematea» dela nabarmendu zuen.

Montcada i Reixac udalerriko alkateak auzitegi aurrean bildu zirenen aurrean berretsi zuen ez duela gustuko erreferenduma deitzeko Kataluniako Gobernuak baliatu duen modua; baina Estatuaren errepresioak egoera aldatu duela: «Orain ia auzia ez da independentzia bai ala ez, kontua ez da erreferenduma bai ala ez... orain, demokrazia bai ala ez da ebatzi beharrekoa».

Auzitegitik sartu-irtena egin ostean egin zituen adierazpenok, «ez zaude bakarrik» oihuekin bera babestera joan ziren dozenaka herrikideren aurrean.

Berea ez da kasu bakarra, Comu edo PSCko alkateak dituzten herri gehiagotan ere izan dira antzeko kasuak, Kataluniako Gobernuaren eskaria iritsi eta alkatearen ordez beste zinegotziren batek sinatuz Udalak erreferendumaren antolaketan laguntzeko konpromisoa.

Alboan izan zituen atzo Camposek Lluis Rabell eta Marta Ribas Kataluniako Parlamentuko kideak eta bere alderdiko agintari nagusia, Xavier Domenech. Madrilen diputatu ere baden arduradunak alkatearen jarrera txalotu zuen eta iragarri bere alderdiak izango duen jarrera: «Inoiz ez bezala mobilizatuko gara, gure askatasunen alde, eskubideen alde eta burujabetzaren alde, herrialdearena eta udalerri bakoitzarena».

Hizketan ari zelarik ikusi zen bertaratuek alkateari babesa ematen bat egiten zutela, baina bakoitzak nabarmendu nahi zuen mezuari uko egin gabe. Hedabideentzako adierazpenak egiten ari zirenean talde bat «independentzia» oihuekin hasi zen eta albotik beste talde bat «errepresioa ez da bidea» esanez saiatu zen hura estaltzen.

700 alkatetik gora jomugan

Joan den astean hasita, pixkanaka ari dira alkateak auzitegietara joaten. Atzo Arenys de Munteko alkatea joan zen, baita Tortosakoa ere, kasu honetan Madrilera, diputatua baita Espainiako Kongresuan.

Gehienek auzitegira joan eta ez deklaratzeko erabakia hartu dute. Aldiz, CUPekoek iragarri zuten ez zirela epaitegira euren borondatez joango eta herri harresiak sortzeko aukeraz mintzo dira. ERCko beste hiru alkatek bigarren deialdia jaso dute lehenengora joan ez zirelako.