Lur Albizu eta Mikel Urdangarin
Ernaiko kideak
KOLABORAZIOA

Baimenik ez, aske izateko!

Inoiz inork ez du baimenik eskatu libre izateko, eta ez gara orain horretan hasiko. Ez dugu baimen beharrik mundua iraultzeko, ezarritakoa alda daitekeela erakusteko. Kataluniako prozesuak argi erakutsi du herri mobilizazioak oinarrizkoak direla eraldaketa prozesuetan; are gehiago, herri mobilizazioak ezinbestekoak, zentralak eta nahitaezkoak direla, eraldaketak gertatuko badira. Guk ere argi daukagu, eta posizionatzera goaz: kalera ateratzea da herri katalanari momentu honetan egin diezaiokegun ekarpenik handiena. Gazteok eraldaketaren, eraldaketen eta iraultzen motor izan gara historikoki, eta konpromiso hori berresten dugu gaurkoan ere. 78ko erregimena ezarri (eta ongi ezarri) zenean hautu garbia egin zuten orduko gazteek: haustura. Haustura da gaur ere gazteon apustua.

Espainiar Estatuaren errepresioa ez da nolanahikoa izan, eta gorantz jarraituko du (badakigu noraino hel daitezkeen). Urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma oztopatzeko ahalegin guztiak eginen dituzte. Horra talka: alde batean atxiloketak, debekuak, zentsura; bestean herria, hautetsontziak eta, ez dezagun ahaztu: erabakia, herri gisa bizitzeko nahia. Egunotan Katalunian gertatzen ari dena bi hitzetan laburbil daiteke: estatu kolpea. Estatu kolpea. Eta argi izan dezagun: urriaren 1eko mugarriaren ondoren dena desberdina izanen da. Hemen ere prest egon beharko dugu, espainiar Estatua ez delako dagoeneko berdina izanen. Salbuespen egoerari erantzun behar diogu. 78ko erregimena urriaren 1ean eroriko da, hil egingo da, eta horretan ere lagundu beharko dugu. Goazen arrakalak aprobetxatzera. Zer da Espainiaren ustelen erreinuak eskaintzen diguna? Lomce, lan erreformak, Guardia Zibila, Eliza, ustelkeria, prekaritatea, pobrezia, zigorrak, mozala, inposaketak, gure gorputzen gaineko kontrola. Dependentzia. Zer eraikiko dugu guk?

Hamaika dira independentziaren aldeko hautua egiteko arrazoiak. Egun independentziaren alde egitea, hemen eta orain, hausturaren alde egitea da. Euskal Herri sozialista eta feminista gertuago edukitzea, eta proiektu politikoan sakontzeko aukera da independentzia, aukera berriak irekitzekoa. Beste mundu bat eraiki nahi dugunontzat, harreman ereduak irauli nahi ditugunontzat eta utopi(et)an sinesten dugunontzat, bidean dugun geltokia da independentzia. Geure bizitzen gain erabaki nahi dugunontzat, estatu burujabeak izatea, ezinbestekoa. Ez da bakarrik nahia: beharra eta aukera ere bada estatua izatea, aste eta egun hauetan ari gara ikusten hala dela.

Guk argi dugu: kataluniar herria babestera goaz, gure herrietako kaleak betetzera, gure elkartasun osoa adieraztera, Euskal Herrirako ere prozesu independentista aldarrikatzera, martxan jartzera. Hamaika izanen dira irailaren 28an kalera ateratzeko arrazoiak, baita mobilizatzeko aukerak ere. Hego Euskal Herriko hiriburuetan honakoak dira deialdiak: Bilbon, 12.30ean, Plaza Eliptikotik; Donostian, 12.00etan Bulebarretik; Gasteizen, 12.30ean Andre Maria Zuriaren plazatik; arratsaldeko 6etan izanen da Iruñeko manifestazioa, Baratxurien plazatik abiatuta. Beste hamaika ikastetxe, herri, auzo eta eskualdetan izanen ditugu mobilizazioak irailaren 28an. Goazen kalera. Sor dezagun mamboa Euskal Herriko txoko guztietan!

Baimenik eskatu gabe, aske izan nahi dugu. Ez dugu baimenik eskatuko historia idazteko, historia herriek egiten dutelako. Ez dugu baimenik eskatuko oraina eraikitzeko, gu geu egiten ari garelako. Ez dugu baimenik eskatuko libre bizitzeko. Unea heldu da. Heldu da lerratzeko unea, hori baita bizitzea. Borrokan jarraituko dugu, antolatzen jarraituko dugu, sinesten dugulako geure proiektuan, sinesten dugulako irekitzen diren ate guztietan. Nahia ez ezik, gure erantzukizuna ere bada prozesu independentista hauspotzea. Goazen gaurdanik euskal estatu independente, euskaldun, sozialista eta feminista eraikitzera.

Irailaren 28an, gazteok kalera!

Baimenik ez aske izateko, Euskal Herriak independentzia!