GARA
DONOSTIA

Euskal Errepublika lortzeko bidean, Katalunia babestera deitu du Ernaik

Kataluniako prozesuaren alde Euskal Herrian abiatutako babes ekimenen artean, Ernai gazte antolakundeak ere mobilizatzeko deia zabaldu du ostegun honetarako. Lur Albizu eta Mikel Urdangarin Ernaiko bozeramaileek atzo Info7 irratian eman zituzten ekimenaren gakoak.

Hala, Kataluniako erreferendumari babesa emateaz gain, mobilizazioak eta gizartearen aktibazioak Euskal Errepublika aldarrikatu eta honen eraikuntza bultzatzeko balio behar dutela adierazi zuten. «Orain da aukera, Kataluniak bide ezin hobea ireki digu 78ko erregimena behin betiko botatzeko. Duela 40 urte hausturaren aldeko apustua egin zen eta orain hausturaren aldeko apustua da prozesuak martxan jartzea estatuak eraikitzeko», azaldu zuten.

“Baimenik ez aske izateko, Euskal Herriak independentzia” lema dute mobilizazioek; hain zuzen ere, Euskal Herriak beste fronte bat ireki behar duela aldarrikatzeko. «Guk ere Euskal Errepublika bat eraiki nahi dugu, guk ere estatu antidemokratiko, ustel eta dekadente honekiko dependenteak izateari utzi behar diogu», aipatu zuten.

Kataluniari begiratuz, han «tsunami herritar bat josi eta aktibatzeko gai» izan direla nabarmendu zuten, eta horrek hainbat eragile mugitzera behartu dituela. Euskal Herrian ere erronka horri heldu behar zaiola uste dute. Ernairen iritziz, Euskal Herriaren egoerari erreferentzia egiten zaionean «etsipen» puntu bat dago EAJk eta Lakuako Gobernuak duten jarreragatik. Horren aurrean, azpimarratu zuten «gaur egungo dependentzia markoa agortuta» dagoela eta burujabetzaren alde egiteko gehiengoak egon badaudela Euskal Herrian.

Bide horretan, gazteriak konpromisoa hartuko duela adierazi eta ostegunean kalera irtetera deitu zuten Albizu eta Urdangarinek. Deialdi nagusiak Hego Euskal Herriko hiriburuetako manifestazioak izango dira.