GARA
DONOSTIA

Udalbiltzako 100 hautetsi, behatzaile gisa

Nazioarteko beste ordezkaritzekin batera, Udalbiltzako 100 hautetsik bisitatzaile gisa parte hartuko dute urriaren 1eko erreferendumean. «Hauteslekuetan katalanek normaltasunez bozka dezaketela ikuskatzera» doazela adierazi zuten atzo Donostiako Miramar jauregian.

Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariarekin batera, Eudald Calvo Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko (AMI) lehendakariordea egon zen. Intxauspek onartezintzat jo zuen Gobernu espainolaren jarrera, eta Udalbiltzaren babesa agertu zion Kataluniari: «Katalunia osoari, herritarrei, eragileei, Parlament-eko kideei, Govern-eko langile eta buruzagiei, eta, batez ere, Kataluniako alkate eta hautetsi guztiei elkartasuna erakutsi nahi dizuegu maitasun osoz».

Agerraldian parte hartu zuten hautetsiek honakoa esan zioten Calvori: «Irabazten ari zarete, eta zuei esker gu ere irabazten ari gara».