GARA
DACCA

Bangladeshera ihesean, 60tik gora rohingya hil dira itota

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordea osatzen duten herrialdeek Myanmarreko Gobernuari exijitu diote baimentzeko behatzaileen sarrera, giza eskubideen urraketak ikertzeko eta laguntza humanitarioa banatzeko. 60tik gora rohingya itota hil dira Bangladeshera ihesi zihoazela. 23 gorpu aurkitu dituzte, horien artean 14 ume eta 6 emakumerenak.

Nazioarteko Migrazio Erakundeak atzo aditzera eman zuenez, 60tik gora rohingya itota hil dira Bangladeshetik gertu, Myanmarretik ihesean. Txalupan ehun bat pertsona zihoazen, horietatik 50 adingabeak ziren. 17 pertsona erreskatatu ahal izan zituzten, eta horietatik bederatzi ospitalera eraman behar izan zituzten. Azaldu zutenaren arabera, asteazken gauean atera ziren Rakhine estatuko kostaldeko herri batetik. Gau osoa eman zuten itsasoan, Bengalako Golkoan, janaririk gabe. Bangladesheko Shamlapur herrixkatik oso gertu zeudela, txalupa hondoratu egin zen une horretan zegoen euri jasaren eta haize bolada bortitzen ondorioz. Montzoien denboraldia da orain. 23 gorpu aurkitu dituzte, hamalau ume eta sei emakumerenak, eta beste 40 bilatzen ari ziren. Atzo goizaldean Bangladesheko Poliziak itotako lau umeren gorpuak aurkitu zituen hondartzan. «Emaztea eta bi seme bizirik daude, baina, hiru alabak desagertuta», esan zuen Shona Miah-ek. Bere familia biolentziatik babestu nahian erabaki zuen txalupara igotzea.

Kanpalekuetako bizi baldintza tamalgarriak direla-eta, izurriteak ekiditeko koleraren kontra 900.000 txerto banatu dituzte. Errefuxiatu gehienak emakumeak eta adingabeak dira.