GARA
DACCA

Rohingya Armadak su- etena mantentzeko prest dagoela iragarri du

ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armada astelehenean amaitzekoa zen su- etena mantentzeko prest dago. Twitter bidez zabaldu den agiri batean azaltzen duenez, arrazoi humanitarioengatik luzatuko du su-etena Myanmarreko Armadarekin.

Jada 500.000 rohingyak baino gehiagok ihes egin dute Bangladeshera, errepresioak, goseak eta beldurrak bultzatuta. Bestalde, ARSAk joan den hilean ezarritako su-etenari esker Myanmarren jarraitzen duten rohingyek laguntza jaso dute.

Dena den, ARSAk salatu duenez, Myanmarreko agintariek laguntza oztopatu dute Rakhine estatuko hainbat tokitan. Dirudienez, Gobernuak indarkeria mantendu du bertan bizi diren rohingyen kontra. «Biolentzia genozida erabiltzen du Armadak jendez husteko», gaineratu du ARSAk, rohingyen eskubideen defentsari tinko eusten dion armadak.

Amaitzen ez den ihesa

Azken asteetan milaka rohingyak ihes egin dute Myanmarretik. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ostegunean ohartarazi zuenez, 10.000 rohingya Bangladesh eta Myanmarren arteko mugan daude, inorena ez den lurrean.

Asko itota hil dira ihesean. Joan den larunbatean ontzi bat hondoratu eta 60 rohingya baino gehiago hil ziren. Bangladeshera iristen direnek Myanmarreko Armada egiten ari den sarraskiak salatu dituzte.

Milaka errefuxiatu rohingya daude Bangladeshen, 800.000 inguru, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iragan astean jakinarazi zuenez.