M.U.
BAIONA

Larhun mendiko treneko langile euskaldunek hobaria jasoko dute

Lan kodeak jasotzen duenez, mugaz gaindiko langileek «atzerriko hizkuntza» bat jakiteagatik sari bat jaso behar dute. Zirrikitu hori baliatu du LAB sindikatuak Larhungo trena kudeatzen duen enpresako behargin euskaldunek hilero-hilero 40 euro gehiago jaso ditzaten.

Larhun mendiko tren ttipia kudeatzen duen enpresak langileek eginiko hainbat eskaera onartu berri dituela jakinarazi zuen atzo LAB sindikatuak. Alde batetik, osasun egoera zailenetan jarduten duten beharginei dagokien hobaria ordaintzeko konpromisoa hartu du enpresak.

Bestetik, askoz ere aitzindariagoa dirudi sindikatuak eskuratu duen bigarren lorpenak. Mugaz gaindiko eremuetarako propio pentsatutako araua baliatu du LABek, zeharka bada ere, euskararen ezagupena lan meritutzat hartua izateko.

Atzerri hizkuntzak ezagutzen dituzten langileek soldata hobaria eskuratzea xedatzen du lan arautegiak. Ipar Euskal Herrian hala gertatzen ez bada ere, beste euskal eremuetan euskara hizkutza ofiziala denez europar hizkuntza gisa aintzat hartua da. Beraz, bertze europar «atzerriko hizkuntza» ororen estatusa dauka frantziar lan legearen ikuspegitik.

Hala, zirrikitu hori baliatu du LAB sindikatuak eskubide hori Larhungo tren ttipian lan egiten duten langileen egoera hobetzeko. Euskara dakiten langileei proba bat egingo zaie eta behin azterketa gaindituta 40 bat euro jasoko dute hilero-hilero soldataren osagarri.

Albiste ez hain pozgarriak

Ipar Euskal Herriko LABek eremu pribatuko lantokietako langileei begira ondoko hilabeteetan finkaturiko lehentasunak azaltzeko atzo Baionan egin zuen agerraldian eman zuen hizkuntza primari buruzko aitzinamendu horren berri.

Bestalde, berri guztiak ez dira hain onak. Izan ere, Kutxabank enpresari Estatu frantsesean, eta Ipar Euskal Herrian, zabalik dituen bulegoak ixteko asmoa badu «informazioa langileen eskura» jartzeko agindu zion sindikatuak.

Bordelen eta Pauen bezala, Baionan eta Hendaian bankuaren bulegoetan jarduten duten 20 langile ingururi eragingo liekeela oroitarazi zuen LABek.

Azkenik, Castorama saltokian izandako borrokagatik sindikatuko lau kide lan auzitegian deklaratzera deitu dituzte.

Heldu den azaroaren 20an iraganen den agerraldiari begira «jazarpen sindikala» pairatu duten langile horiei sostengua adierazi zien atzo LABek.