Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Espainiaren arima

Zilegi bekit J. Azurmendiren liburu baten aipua erabiltzea Espainiaren jarrera hipernazionalista azaltzeko. Perejil uharte haren inbasioa emulatuz erantzun baitu Espainiak Katalunia «irredento» eta «kolpista» honen aurka egiteko. Ikusi besterik ez dago nola atera ziren guardia zibilak beren kuarteletatik. Espainia bat eta bakarra defendatu beharra dago, halako mehatxu baten aurrean Espainiak ezin du horrelakorik ametitu, funtsean bere esentzia apurtzen baita. Arazoa ez dauka ez Kataluniak, ez Euskal Herriak, ez beste edozein herrik, arazoa Espainiak berak du bere iraganarekin eta bere orainarekin. Nor izateko beste herriak azpiraturik, asimilaturik behar ditu. Espainiak ideologia inperiala, kolonialista dauka; gaitz guztiak nazionalismoen ondorio dira, Vargas Llosaren esanetan: «nazionalismoak Europako, munduko eta Espainiako historia gerrez, odolez eta gorpuz betea dauka». Noski, nazionalismo periferikoez ari da, beraiek patriotismo konstituzionalaren jarraitzaile baitira, demokrazia ezin garbiago baten aita ponteko.

Baina Azurmendik berak dioen bezala Espainia metafisiko eta esentzialista (alma nacional, espiritu racial...) horren ideia garaiko espainiar intelektualek alemaniarren «Volksgeist» erromantikoaren gainean egindako imitazio txar eta penagarria baino ez da, hispanitatearen eta batasun sakrosantuaren aldeko kastizismo bat sortu zutelako finean.

Haatik «gu ez gara nazionalistak» diote, baina horregatik hedatzen dute alde guztietara demokratikoki beren bandera eta hizkuntza, beren historia eta errelatoa.

Horregatik nahi dute espainiartu Katalunia eta Euskal Herria, horregatik bihurtzen dute legearen inperioa inperioaren lege. Espainiaren izaera probidentziala historikoki eraikitako proiektu amankomun bat da. Eta arrazoi dute, ez dira nazionalistak, hipernazionalistak baizik. Gorrotoa odolbildurik daramate begietan.

Antropologikoa benetan espainiar hipernazionalista hauen arima.