Haumeak eraztuna du

Gugandik milaka argi-urtera, Eguzki Sistemaren bazterretan, Neptunoren orbitatik haratago, izotzez eta arrokaz osaturiko objektuen gerriko bat dago; horien artean daude lau planeta txiki: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Azken hau da lauretan ezezagunena, baina orain gutxixeago. Izan ere, mundu osoan kanpaina egin baita Haumeari behatzeko, haren ezaugarri fisikoak zehazteko helburuarekin, eta planeta ñimiñoak eraztun bat duela gerri-bueltan baieztatzerik izan baita.

Ikertzeko oso zailak dira objektu transneptunotarrak, oso txikiak direlako, ia distirarik ez dutelako eta gugandik oso-oso urrun daudelako. Baina badago modu bat. «Objektuok atzeko izarren aurretik igarotzen direneko aldiari behatzean datza; eklipse txiki moduko bat da. Horri esker, objektuaren ezaugarri fisiko nagusiak identifika daitezke: tamaina, forma, dentsitatea», azaldu du EHUk prentsa oharrean. Metodo horrek emaitza «bikainak» ematen dituela gaineratu du.

Eta Haumearen azterketari dagokionez, deskubrimendu nagusia inguruko eraztunarena izan da. Gorputz nagusia baino ilunagoa da eta erdigunetik 2.287 kilometrora dago.