Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Kutxa eta meloia

Jean-Claude Junckerrek, Europar Batzordeko presidenteak, milioika herritarri hitz egin zigun aurreko astean: «Katalunia independizatzen bada, beste batzuek gauza bera egingo lukete. Eta ez dut 98 Estatuko Europar Batasunik nahi. 27en artean ez da erraza, 98ren artean ezinezkoa litzateke». Europak ezin du demokrazian sakontzen jarraitu, demokrazian sakontzearen ustezko ondorioak teknikoki kudeatu ezinak liratekeelako.

Manuel Vallsek, Kataluniaren independentziaren ostean Hego Euskal Herriarena eta ondoren Ipar Euskal Herriarena letozkeela esanik, Katalunia independizatzeak gerra lekarkeela bota zuen. Ez zuen indarkeriaren apologiarik egin, ezinbesteko eta saihetsezin kontsideratu zuen. Mehatxutik harago. “Le Monde”-k, bide beretik, Kataluniaren independentziak «Pandoraren Kutxa» zabalduko lukeela azpimarratu du.

Sigmar Gabriel, Alemaniako Atzerri ministroa, lasai dago. Konponbiderako aukera ikusten du, Kataluniak ez duelako independentzia aldarrikatu. Elkarrizketa eta Espainiar Konstituzioa errespetatzea dira konponbidearen osagaiak, bere ustetan.

Makila hutsak ez du balio azenariorik ezean, eta jipoien osteko kartzelatzeekin batera Konstituzioaren meloia zabaltzeko komisioa onartu du Estatuak. Urkulluk eta Argentinako futbol selekzioak egin ohi duten gisara, partidua izoztuko dute amaieran hasierako puntura heltzeko.

Katalunia, bitartean, dui(ntasune)rako bidean, bakarrik dago munduaren aurrean, benetako nazioarteko laguntzaile indartsu ausartik gabe.

Espainiarrek diote gure eskubideak lortzeko meloia zabaldu behar dugula. Europarrek, Pandoraren Kutxa zabaldu beharko genukeela, baina hobe dela ez zabaltzea, munduko gaitz guztiak bertan daude eta.

Aitzitik, Pandoraren Kutxaren greziar mitoak estaturik bako nazio ukatuok kutxa irekiko dugula profetizatzen du, Troikari mendekuz, apika. Izan ere, mitoaren arabera, jendea mugitzen duen indarrik handiena, etorkizun hobearen esperantza, kutxa horren barruan bizi da.