Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Boltxebikeak, Che eta Katalunia

Timoxenkok esan zuen Habanako bake akordioen testuinguruan, ez dela iraultzaileena kontsigna erradikalenak botatzen dituena, garai bakoitzean bandera egokiena altxatzen duena baizik. Errusiako urriko iraultzaren 100. urteurrenaren bueltan gaude. Eta Che Guevara gerrillari mitikoa hil zutela 50 urte pasatu berri dira. Hau guztia, Katalunian historiara pasatuko den iraultza sozial ikaragarria ikusten ari garen bitartean.

Utopiaren faktorea albo batera utzita, estrategiaren ikuspegitik Cheren eragina izan da handiena gurean. FARC zein ETA bera, beste askoren artean, Kubako iraultzaren seme-alabak dira neurri handi batean. Azken 20 urteetan munduan apurka-apurka borroka armatuan oinarritutako estrategiak agortzen joan dira, ziklo historiko oso bat itxiz eta berriak irekiz. Baita Euskal Herrian ere.

Esan izan dugu iraultza demokratikoen garaia dela egungoa, XXI. mendekoa. Iraultza modu nostalgiko eta estatikoan ulertzea baino gauza anti-iraultzaileagorik ez dagoela uste dut. Iraultza bakoitza bere garaiko testuinguru eta baldintza sozial eta politikoen araberakoa baita. Hargatik da horren sakonera handikoa Timoxenkoren aipua.

Estrategia politiko-militarrak zirenak transformazio faseetan murgilduta daude orain, borrokari bide demokratiko eta baketsuetatik jarraipena emanez, egungo gizarte baldintzetara egokituz.

Kataluniaz ari ginela, lagun batek komentatu zidan bere ustez iraultza “demokratikoa” baino egokiagoa dela iraultza “baketsu” terminoa erabiltzea Kataluniakoa kalifikatzeko, intsurrekzioak edo borroka gerrillariak ere demokratikoak izan daitezkeelako. Eta ez gara gu izango hori ukatuko dugunak, herri babesean sostengatutako borrokak izan diren heinean.

Egia da. Estatua jarrera bortitzez ari zaio aurre egiten Kataluniari, baina era berean Kataluniaren estrategia baketsuak bortizkeria are handiagoa erabiltzea zailtzen dio. Aste honetan ikusi dugu Katalunian En Peu de Pau ekimena jarri dutela abian, mobilizazioen izaera ez biolentoa mantentzeko praktika onak zerrendatuz. Munduari erresistentzia baketsuan oinarritutako eredu iraultzaile berri bat ematen ari zaizkio.