GARA
DONOSTIA

Hezkuntza hobetzeko gakoak adostu eta proposatu ditu Hik Hasik

Hezkuntza hobetzeko gakoen dokumentua sare guztietako irakasle eta hezitzaileen eta hainbat adituren urtebeteko gogoeta konpartituaren emaitza da. Haurrentzat onena xede hartuta, fokua aldatzea eta heziketaren ardura eskolatik herri osora zabaltzea proposatu dute.

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak hezkuntza hobetzeko proposamen bat aurkeztu zuen atzo Donostiako Irakasle eskolan: “Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak”. Aurrera begirako ikuspegiz osatuta dago, Euskal Herri osorako. Urtebeteko hausnarketa partekatu dute sare guztietako irakasle eta hezitzaileek, eta hainbat adituk haien ekarpenak egin dituzte, horien artean, Mondragon Unibertsitateko, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Baionako Unibertsitateko hainbat irakaslek. Guztien ordezkari, NUPeko Nora Salbotx, EHUko Lore Erriondo, MUko Nerea Alzola, Jakineko zuzendari Lorea Agirre eta Hik Hasiko ordezkari Kontxi Aizarna eta Xabier Sarasua irakasleak izan ziren atzoko agerraldian.

Jakinarazi zutenez, adostu duten minimoen dokumentu hori administrazioei zuzenduta dago, baina baita eskola eta institutuei ere. Era berean, herritarrak, familiak eta herrietako administrazioak (udalak) ere hartzaileak dira, «guztiok baitaukagu hezkuntzan ardura».

Hain zuzen ere, foku aldaketa hori da proposamenaren muina: «Haurra da jendartearen erdigunean dagoena. Familiak, bizilagunek, auzoak, herriak… horiek denek inguratzen dute. Beraz, jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du». Orain arte eskolan zentratzen zen hezkuntzaren egitekoa, baina dokumentu honek herri osoarengan jartzen du fokua. Horrek zatiketa gainditzea ekarri beharko luke, «denontzako eta denok egindako heziketa aurrera eramateko», baita eskola, herri eta administrazioaren egituraketa berrikustea ere. «Hezkuntzari duen garrantzia benetan emateak finantziazioan ere eragina izan behar du, eta honetan ere Europara begira jarri behar dugu».

Ikuspuntua aldatzeko, hiru zutabe hagitz kontuan izan behar direla erantsi zuten. Lehena hezkuntzaren izaera publikoa da, finantziazioari eta hezkuntzako esku hartzearen jarraipenari dagokienez, administrazioari baitagozkio eskumen horiek. Bigarrena, ikastetxe bakoitza autonomoa izatea bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko. «Ikastetxeak berak erabaki eta eratu behar du egokia duen barne-antolaketa. Bestetik, arlo pedagogikoan ez dugu Estatuaren eta botere ekonomikoaren kortserik behar». Hirugarren zutabea ikastetxe hezitzailea ez ezik, herri hezitzailea ere izatea da. «Horretarako, ezinbestekoak dira udalerriko hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren erabateko inplikazioa, eta herriko gainerako eragileen partaidetza».

Administrazioei eta eragileei

Proposamen honek, era berean, haurra bere osotasunean hartzen du kontuan, eta umeek oinarri sendoak finkatzeko lehen urteek duten garrantzia aitortzeaz gain, bermatzeko neurriak proposatzen ditu. Hezkuntza-prozesu osoan pertsonaren askotariko konpetentzien garapena du ardatz.

Hala, hamar giltza adostu dituzte hezitzaile, irakasle eta adituek. Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzetik hasi eta jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzunen dien finantzazioa izatera doaz gako horiek. Proposamen hori aurkeztuz, eskari bat egin zieten administrazioei: benetako lankidetza abiaraztea hezkuntza eragile guztiekin marko legala eta baliabideak adosteko. Bertzetik, eragileok gonbidatu zituzten eztabaida beren ekarpenekin aberastera, «bakoitza bere betiko posiziotik harago joaten saiatuz».